I. Txirrita mendi lasterketa arrakastatsua, iruditan
Igandean egin zuten lehenengo Txirrita mendi lasterketa, Altzako zenbait bizilagunek antolatuta, eta arrakasta handia izan zuen, antolatzaileek nabarmendu dutenez. 185 korrikalarik eman zuten izena, eta 150 atera ziren azkenean; Altzako San Martzial plazatik abiatu ziren, eta 16,7 kilometroko ibilbidea egin zuten, Altzako, Errenteriako eta Astigarragako lurretatik. Ibai Makazaga Aristi (1:15:16) gizonezkoetan eta Erika Alvarez Alduncin (1:32:19) emakumezkoetan izan ziren azkarrenak. Sailkapen osoa Kronoak.com atarian kontsultatu daiteke.
Nabarmentzekoa da streaming bidez eman zutela lasterketa osoa, eta antolatzaileak pozik agertu dira horren emaitzarekin: “Streaming zerbitzua eskaintzea sekulako erronka izan da guretzat, baina antolatzaileok oso eskertuta gaude gure alboan buru-belarri eta borondatetsu lanean egon den talde teknikoari. Horiek guztiek gabe ezin izango genuke ideia zoro hori aurrera eraman”. Hemen ikus daiteke Youtuben eskaini zuten zuzenekoa.
Giro ederrean egin zuten lasterketa, eta giro horrek ez zuen etenik izan lasterketaren ostean, Bull DJ-ak jarritako musikari esker. “Antolatzaileok oso pozik amaitu dugu jendeak emandako erantzunarekin, eta lasterketa antolatzen hasi ginenean jarri genituen aurreikuspen guztiak bete direla esan dezakegu. Beraz, I. Txirrita mendi lasterketaren balorazio oso positiboa egiten dugu”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Jarraian, Asier Gonzalez de San Pedro eta Maddalen Odriozola argazkilariek lasterketan egindako irudien bilduma ikus dezakezue: