Josip Vrankic fitxatu du Gipuzkoa Basketek
Gipuzkoa Basketek 2023-2024ko denboraldirako taldea indartzen jarraitzen du, eta Josip Vrankic (Etobicoke, Kanada, 1998) hegaleko pibota fitxatu du; Kanadan jaiotakoa da, baina Kroaziako pasaportea dauka. 2,05 metro neurtzen du, eta Italiako bigarren mailan denboraldi ona egin ostean dator Donostiara. Hain zuzen ere, Chieti eta Ravenna taldeetan jokatu zuen pasa den denboraldian, eta bietan hiruko jaurtiketen %35etik gora sartu zituen.
“Lauaren eta bostaren posizioetan joka dezakeen jokalari bat fitxatu du Gipuzkoa Basketek, uztaia oso ondo erasotzen duena, beheko zutoinean ondo jokatzen duena eta kanpotik jaurtitzeko zelaia ireki dezakeena”, nabarmendu du klubak.
Hiru fitxaketa egin ditu dagoeneko klub donostiarrak: Manex Ansorregi, Ivan Aurrekoetxea eta Vrankic bera. Horrela, zortzi jokalari ditu gaur egun taldeak datorren denboraldirako: Xabi Oroz, Aitor Zubizarreta, Mikel Motos, Ander Martinez, Manex Ansorregi, Mike Carlson, Ivan Aurrekoetxea eta Josip Vrankic.