Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kale presentzia areagotuko dute Aste Nagusian
Donostiako Aste Nagusia heltzear da, eta jaiei begirako Segurtasun Koordinazio Batzordearen bilera egin dute astelehen goizean udaletxean. Eneko Goia alkateak, Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak eta Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren hainbat ordezkarik hartu dute parte.
Aste Nagusi honetarako prestatu dituzten segurtasun dispositiboak errepasatu dituzte bileran, eta nabarmendu dute polizia agenteen kaleko presentzia areagotuko dutela, bereziki fokua jarriz “ekitaldi handietan egongo den pertsonen segurtasunean (su artifizialetan, kontzertuetan, eta abar), lapurreten prebentzioan, alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondorioz egon daitezkeen jarreretan eta sexu erasoetan”.
Azken urteotan egin duten moduan udaltzainek eta ertzainek elkarrekin patruilatuko dute jende gehien biltzen den lekuetan: Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen. Halaber, udalak azaldu duenez, jaietatik etxera itzultzeko ibilbide seguruak bermatzeko dispositiboa indartuko dute. Bujandak nabarmendu du agenteek uniformez zein kalez jantzita patruilatuko dutela.
“Jaiez gozatu inguruko pertsonak errespetatuz, bai jaiekin gozatzen ari direnak baita atsedena hartu nahi dutenak. Halaber, hiritarrei elkarlana eskatu nahi diegu jaiak ondo gauzatzeko, eta kalean egongo diren patruilengana jotzeko laguntza eske edo baldin eta edozein ekintza deliktibo ikusi badute”, esan du Ibabek.