Urrea eta Europako errekorra Llopisentzat
Iñigo Llopis igerilari donostiarra bikain aritu zen ostiralean Manchesterreko (Ingalaterra) Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan, estiloetako 4×100 metroko proban urrezko domina lortuta. Bere taldekideekin batera, lehenengo postua eskuratzeaz gain, Europako errekorra hautsi zuen Llopisek, 4:31.92 minutuko denbora eginda.
Lau kirolarik hartzen dute parte aipatu proban, 100 metro bakoitzeko erreleboak emanez eta bakoitza igeriketa estilo batean. Hain zuzen ere, donostiarra izan zen uretara salto egiten lehena, bizkar estiloan. Espainiako selekzioa lider utzita eman zion erreleboa Anastasiya Dmytriv taldekideari, eta braza estiloan egin zuen igeri Dmytrivek; ordea, taldea seigarren zihoan bere txanda amaitzean. Jose Antonio Mari Alcaraz izan zen hirugarren igerilaria, tximeleta estiloan, eta taldea lider utzi zuen azken erreleborako berriz ere. Sarai Gascon izan zen azken igerilaria, eta lidergoa mantentzea lortu zuen. Europako errekorra hautsi zuen laukoteak, eta bere atzetik gelditu ziren Italia (+2.53) eta Brasil (+3.38).
Horrela, Llopisek bi urrezko domina lortu ditu munduko txapelketan, asteazkenean ere urrea lortu baitzuen bizkar estiloko 100 metroko proban. Bestalde, estilo libreko 400 metroko proban bosgarren gelditu zen eta seigarren tximeleta estiloko 100 metrokoan.
Nahia Zudaire
Llopis ez ezik, Nahia Zudaire Zubietako igerilaria ere lehiatu da Manchesterren, eta bi domina lortu ditu: zilarra astelehenean estilo libreko 400 metroko proban eta brontzea asteazkenean bular estiloko 100 metrokoan. Horrez gain, bosgarren izan zen asteazkenean estilo libreko 100 metroko proban, seigarren larunbatean estiloetako 200 metrokoan eta laugarren igandean estilo libreko 4×100 metrokoan.