«Jendeari jakin-mina elikatzen diogu»
Hirian Urumearen presentzia aldarrikatzeko asmoz, Unai Elizasu Lertxundik duela hamaika urte sortu zuen Arrauning elkartea. Iaz, egitarau propio bat antolatu zuten lehenengoz Aste Nagusian, eta aurten berriro antolatu dute. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina izena eman beharko da.
Udalarekin elkarlanean, egitarau berezia prestatu duzue Aste Nagusirako. Zertan datza?
Lehengo urtean lehen aldiz hasi ginen elkarlanean gauzak eskaintzen, eta aurten iazko arrakastari segida emango diogu. Bisita gidatuak izango dira, kanoatan. Jendea kanoatan ibili ahalko da. Ni joaten naiz beraiekin eta ibaia erakusten diet ibilbidean zehar. Aurtengo berritasuna pedalo ontzietan ibiltzea izango da. Duela hilabete batzuk ekarri genituen, eta bi egunetan egongo dira. Garai batean Ondarretan egiten zen herri pedalo txapelketa berreskuratuko dugu, baina Urumean egingo dugu. Beste egun batean pedalo karrusel bat proposatuko dugu. Bigarren egun horretan ordu laurdeneko buelta bat emateko aukera izango du jendeak.
Aurtengo beste berritasun bat lekua izango da: iaz ekintza guztiak Jose Antonio Agirre zubitik hasten genituen, eta aurten Loiolako gure lokaletik abiatuko gara [Latsarien plaza]. Horrela, Aste Nagusia ere pixka bat periferiara ateratzen da.
Iaz ere antolatu zenuten antzeko zerbait, ezta?
Nire aspaldiko borroka da Urumeak presentzia izan dezala Donostian, eta iaz aukera eman zidaten presentzia hori izan zezan Aste Nagusiaren barruan. Lau irteera gidatu eskaini genituen, non Erreka Mariren antzerki moduko bat egiten genuen, eta segituan saldu ziren sarrera guztiak. Arrakasta handia izan zuen.
Beraz, honen guztiaren helburua Urumeari berari merezi duen balioa ematea da.
Nire helburua beti da jendeak ibai bat dagoela ikustea, eta, batik bat, fokua jartzen dut donostiarrengan, gipuzkoarrengan, euskal herritarrengan… Jende askok uste du turismo enpresa bat naizela, eta horren kontra ez nago. Ez dut hori batere elikatu nahi.
Nahi dut jendeak ikusi dezala, ezagutu dezala beraien ibaia zein den. Helburu horrekin askotariko ateak jotzen dituzu, eta Aste Nagusian egiten diren programa horretan sartzeko aukera zegoenez, aukera probestu nuen.
Egitasmoari ‘Urumearen berreskuratzea’ deitu diozue.
Azkenean, hori da Arrauningen helburua, Urumea izan zena berreskuratzea. Historikoki, Urumea aisialdi gune bat izan da. Ez dut esango hori bera berreskuratzea denik nire helburua, ez baitut uste historikoki zen horretara iritsiko garenik. Izan ere, hemen baziren milaka eta milaka ontzi, ibaian jendeak aisialdiaz gozatzen zuen, eta nik ez ditut milaka ontzi ekarriko; baina jendeak ikus dezala badugula ibai bat, ibai honek historia handia duela eta ibai honetaz gozatu dezakegula.
Donostiarrek Urumearekin zer lotura dutela iruditzen zaizu?
Ez dute loturarik. Donostiarrek ez dakite Urumea non jaiotzen den ere! Badakite non bukatzen den, baina non jaiotzen den ez; ez dakite Urumea izena nondik datorren… Egia da Donostia Urumea bazterretik ari dela handitzen: Loiolako Erribera, Txomin, kuartelak militarrak joaten direnean… Badakite ibai bat dagoela, baina ez besterik. Eta hemen Euskal Herriko baserri zaharrenetakoak dauzkagu, zubi historikoak… Jendea harrituta geratzen da hori kontatzen duzunean.
Iruditzen zaizu zure lanarekin Urumeak presentzia irabazi duela?
Sentsazioa daukat lata handia ematen dudala, baina gero konturatzen naiz ezetz. Hamaika urte daramatzat ibaian, eta batzuk ez dakite nabilenik ere, baina jendeari Arrauning hitza gero eta ezagunagoa egiten zaio. Ez dut esango erreferente naizenik, baina ibaiaren inguruan norbaitek galderarik badu nigana jotzen du, eta horrek poza ematen du. Egia da nire iritzia dela, eta ez naizela ez hirigilea, ez arkitektoa, ez ezer, baina ibaia ezagutzen dut, izango naizelako une honetan ibaiari begira gehien dagoena, eta alde horretatik bai edukiko dudala iritzi onartuago bat.
Nondik datorkizu Urumearekiko atxikimendua?
Gaztetan Ur Kirolakekin hasi nintzen arraunean, baina ez neukan Urumearekiko inolako atxikimendurik. Arrauning proiektuarekin hasi nintzenean, Urumeari begiratzen hasi nintzen. Niretzat, hasiera batean, Urumea aisialdi leku bat zen, piraguan ibiltzeko, demagun; baina historia irakurtzen hasten zarenean, konturatzen zara hori baino askoz gehiago dela. Lanetik etorri zait jakin-min hori, eta jakin-minak jantzi du nire lana. Hau ez da Igeldoko suitzar mendia, honen atzean istorio asko daude, eta konturatzen zara jendearekin joaten zarenean eta jendeari istorio horiek guztiak kontatzen ari zarenean, lortzen duzula jendeak lekuarekiko halako atxikimendu bat sortzea, jendeak esatea, ‘hau nire hiriko historia ezagutzea da, eta lehen ez nekien’. Eta nik ere bide honetan asko ikasi dut, aldiro ari zara ikertzen eta ikasten.
Etortzen den jendea jakin-minez dator edo aisialdiaz gozatzera?
Nik uste dut jakin-min hori elikatu egiten diogula. Inor ez da Urumeara etortzen bertako historia ezagutu nahi duelako. Jendea hona etortzen da Urumea bera ezagutu nahi duelako, Google Mapseko ikuspegitik harago, esan nahi dut. Jende askok nabarmentzen du zein polita den ibaiko beheko partea, baina nik beti esaten diet are politagoa dela goian: behean zubiak eta murruak besterik ez daude! Polita da, ez dut ukatuko, baina gora zoazenean, Txomineko basoan barrena, Uba inguruan… bertan gauza harrigarriak dauzkagu.
Kirol ontzi batzuk erabiltzen ditut, baina ez da kirola egiten. Hona etortzen dena paseatzera dator. Inork ez du bidegorrian bizikleta hartzen kirola egiteko, bidegorritik lasai joateko baizik, edo Kontxara paseatzera joaten da jendea. Nik gauza bera egiten dut, baina Urumean barna.
Aste Nagusia momentu egokia da Arrauning-ek eskaintzen duen hori hirira zabaltzeko, ezta?
Bai. Aste Nagusia erakusleiho handi bat da niretzat, programazio baten barruan sartzen naizelako eta jende askok programa horren barruan antolatzen dituelako asteko planak.
Nola hartu daiteke parte jardueretan?
Aste Nagusiko webgunean jarduera bakoitza egongo da, eta bertan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du. Gainera, jarduera guztiak doakoak izango dira.
Zerbait gehiago gehitu nahi duzu?
Nire borroka bakarra da Irutxuloko Hitza-ko irakurle denek pasa beharko luketela behingoz ibaitik: behin etorriko balitzaizkit, nik uste dut horrekin bizi nintekeela. Donostiako aisialdi enpresa bat naiz, eta titular horrekin ja donostiar asko kanpo sentitzen dira. Hori da nire borroka. Nik nahi dut hemengo auzo hau hona etortzea [elkarrizketa Latsarien plazan egin dugu]. Esaten dizut: hemengo denak etortzearekin, bizi naiz. Bisiten %40 euskaraz egiten dut, eta komunikazio guztia euskaraz egiten dut. Horri ematen diot nik balioa, eta horrek ezberdintzen nau besteengandik.