Txistu doinuez gain, dantza, bertsoak eta jazz doinuak egongo dira 46. Txistularien Kontzertu Nagusian
Kanoikadaz gain, Txistularien Kontzertu Nagusia da udalak antolatzen duen Aste Nagusiari hasiera ematen dion ekitaldi arrakastatsuenetako bat, eta aurten ere ez du hutsik egingo. 46.a izango da, eta, ohiko legez, Parte Zaharreko Plaza Berrian egingo dute, hilaren 12an, 20:30ean. Jose Ignazio Ansorena Miner ariko da zuzendari lanetan eta Kattalin Ansorena izango da aurkezlea. Kontzertua Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatzen du, Donostia Festak erakundearen eta Donostiako Musika Eskolaren babesarekin.
Gernikako Arbola-rekin eta Mendigoizaleak-ekin hasiko dute kontzertua, taldeak ohar bidez azaldu duenez: “Orain dela 50 urte hil zen Alejandro Olazaran Salanueva (1894-1973), txistularientzat Aita Hilario, maisu eta adiskide handia. Haren Mendigoizaleak kalejirak jarriko dio abiapuntua emanaldiari, Gernikako Arbola-ren diosalaren ondoren”.
Beste omenaldi batekin itxiko dute emanaldia: “Aurten 150 urte bete dira Buenaventura Zapirain (1873-1937) musikaria jaio zenetik. Lekeitiarra izan arren, oso gazterik etorri zen Donostiara eta gogo onez bertakotu. Bi euskal opera handi idatzi zituen: Anbotoko Dama eta Txanton Piperri. Azken honen bukaerako martxa, euskalduntasunaren himno bihurtu zaigu. Hitzak Toribio Altzagarenak (1861-1941) dira. Honekin jarriko diogu errematea aurtengo emanaldiari: Txanton Piperri operako azken martxa“.
Donostiako Udaleko Txistulari Taldeaz gain, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko 70 bat txistulari, Donostiarra metal bostekoa eta Donostiarra abesbatza ere Plaza Berriko oholtzan ariko dira.
Jazza eta rocka
“Txistularien errepertorioa erabiltzen dugu gehienetan, baina bide berriak jorratu nahian, jazzaren eta rockaren erritmoak entzungo ditugu, baita ere”, azaldu dute txistulariek. Hain zuzen ere, Aldapeko Basque Latin Jazz doinu latinoetara egokitu ditu Soka dantza eta Molinatxo, eta kontzertuan joko dituzte.
Bestalde, Iñaki Ortiz de Villalba, Betagarri eta Modus Operandi taldeetako abeslari gasteiztarra izango da gonbidatu nagusia, eta lau abesti kantatuko ditu txistulariekin: Zure bihotzetik onena, Euri tanta bakoitzean, Zeruarekin amestu dugu eta La chica del batxoki. “Solemnitate ezegokietatik iheska, baina errespetuz eta duintasunez, gizakien emozioak astintzen saiatzen gara gure abesti, doinu xume, erritmo indartsu eta umorezko uneen bidez”, gaineratu du bandak.
Dantzariak ere egongo dira
Musika ikuskizuna ez ezik, dantza ikuskizuna ere izango da larunbatekoa: “Aduna eta Andoaingo Axeri Dantzako lagun airoso eta txantxalariak hurbilduko dira, euskal dantzetan azeriari leku bromosoa gorde izan baitzaio. Jon Ander Belamendia bakarreko txistulariarekin eta Gorka Catediano laguntzaile atabalarekin”.
“Gure kontzertuetan ez dira faltan izan solteko dantzak. Oso gureak, indartsuak, eta ikuslegoak txalo zaparradaz eskertzen duten horietakoak. Aurten, Haritz Ezeiza albokaria eta Lezoko Zubitxo dantza elkarteko dantzari gaztetxoak izango dira gurekin: Aduna fandangoa eta Arano arin-arina. Beraien trebezia erakutsiko digute kontzertuko hainbat doinutan”, gehitu dute txistulariek.
Gaztelumendi eta Martin
Bertsolaritza ere presente egongo da, azaldu dutenez: “Aurtengoan, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi hurbilduko zaizkigu. Bakarka lehenengo, Saioarena eta Biharko esango dizut doinuetan eta gero elkarrekin, Bilintxek sortutako Juana Bixenta Olabe-ren doinuan, XXI. mendera ekarriko gaituzte, bertso berrien bitartez.