«Askatasunaren festak» izatea nahi dute
Udal talde guztietako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean, hilak 10, hastear den Aste Nagusiaren harira sexu erasorik onartuko ez dutela adierazteko. “Askatasunaren festak izan behar dute”, nabarmendu du Cristina Lage Berdintasun zinegotziak.
Agerraldia Bulebarrean ezarriko den puntu morean egin dute. Festek iraun bitartean, puntu morea egunero egongo da irekita, 21 orduz: 13:00etatik hurrengo eguneko 10:00etara. Puntu morea itxita egongo den hiru ordu horietan Okendo kaleko Emakumeen Etxera joateko aukera egongo da.
Edozein erasoren aurrean, udalak protokoloa aktibatuko du, “biktimaren anonimotasuna eta zaintza” bermatzeko, “bera baita garrantzitsuena”, Lageren esanetan. Era berean, Eneko Goia alkateak “guztiok askatasunean eta alaitasunean” bizitzeko jaiak aldarrikatu ditu, eta hori posible egiteko “denen inplikazio aktiboa” eskatu du. Ildo beretik mintzatu da Lage ere: “Hiritar guztiok egon behar dugu adi, arazo hau gu guztiona baita”.