Bandera gorria jarri dute Zurriolan, karabela portugesengatik
Kontxako badian ere karabela portuges asko sartzen ari dira.
Karabela portugesak bueltan dira Donostiako kostaldean, eta Zurriola hondartzan bi ziztada erregistratu dituzte, udaleko iturriek azaldu dutenez. Ziztadak egin dituzten aleez gain, hondartza berean beste ale batzuk ere ikusi dituzte, eta, beraz, protokolo berria betez, bandera gorria jarri dute, gutxienez arratsalde erdira arte.
Halaber, udaleko iturriek azaldu dute karabela dezente sartzen ari direla Kontxako badian, irlaren bi aldeetatik. Hori gertatzea aurreikusten zuten hondartzetako udal arduradunek, itsasoaren eta haizearen egoerarengatik. 16:00etarako, hogei bat ale erregistratu dituzte badian, eta Kontxan eta Ondarretan ere bandera gorria jartzea aztertzen ari dira.