Hamaika aldiz, eskerrik asko
Ezkila kapitainarekin batera, ongietorria ematen dio urtero Mattik Aste Nagusi Piratari. Eragileak omentzeko sortu zuten pertsonaia hori, eta urtero eragile desberdin batek gorpuzten du Matti. Iaz, Euskal Herriko Bilgune Feminista izan zen, eta aurten, Zaporeak elkarteak hartuko du erreleboa.
Martin eta Maddi izenak uztartzen zituen izenik aproposena zelakoan zeuden Donostiako Piratak, 2012an Matti sortu zutenean. Sexu eta genero zehatzik ez delako existitzen beraien hiztegian. Ez da ez Martin, ez Maddi; Matti da, eta urtero eragile bat omentzeko asmoz sortu zuten Piratek. Ezkila kapitainari abenturan laguntzera iritsi zen, eta geroztik, elkarrekin bota izan ohi dute txupinazoa Donostiako Aste Nagusi Piratari hasiera emateko.
Hamaika urte pasa dira Mattik Donostiako kaia lehen aldiz zapaldu zuenetik, eta geroztik, hamar izan dira bere azalean jarri diren eragileak. Martuteneko auzo elkartea izan zen lehena, 2012an. Aurreko urteko azaroan uholde handiak jasan zituen auzoak eta dozenaka boluntario piratek abordatu zuten Martutene, kaleak garbitzen lagundu nahian. Azaroan eman zen «elkartasun uholde» hori 2012ko abuztuan irudikatu zen, Mattiren bidez, auzoari ahotsa emateko.
2013an, Kaleratzeak Stop etxe kaleratzeen aurkako kolektiboaren txanda izan zen. Mugimendu eta ekintza asko egin ziren horren harira, eta piraten baloreekin bat egiten zutela ohartzean, euren lekua eman zitzaien Aste Nagusi Piratan. Etxe kaleratzea pairatu zutenen ahotsa izan zen urte hartan Mattirena, erantzuleak ezagutaraziz eta elkartasun lezio handi bat emanez. Abortatzeko eskubidearen aldeko mugimendua izan zen hurrena, 2014an. Emakumeek beren askatasun eta gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka da euren helburua. Gallardon legea-ren onarpena eztabaidagai zegoen orduan, eta abortuaren aurkako mehatxu handi bat zen hura; izan ere, bi baldintzapean abortatzeko eskubidea baino ez zuen ematen legeak: bortxaketa batek eragindako haurdunaldia balitz, edo bizitza arrisku handian balego. Urte berezia izan zen hori piratentzat; izan ere, Sardiñera Kofradia Feministak bete zuen Ezkila kapitainaren rola eta inoiz baino estuago heldu ziren eskutik Matti eta piraten kapitaina.
2015ean, IRUTXULOKO HITZAk izan zuen txupinazoa botatzeko ohorea. Hamar urte betetzen genituen orduan, eta «euskararen alde arduraz lan egiteagatik» egin zuten proposamena. Urte batzuk badira, dagoeneko, IRUTXULOKO HITZA Piraten pausoen atzetik dabilela, orrialdeak eta orrialdeak beteaz Aste Nagusi Pirataz hitz egiten; euskaraz abordatu behar delako Donostia, eta hor ere, irutxuloko hitza bidelagun izan dutelako Piratek.
Errefuxiatuei pasa genien lekukoa, 2016an. Mattiren bitartez eman zitzaion ikusgarritasuna gaiari, elkartasuna ezinbesteko balore bat baita mugimenduarentzat. Gaur egun, oraindik ere, ez dira gutxi Meditarraneoan (eta agintarien begiradapean, gainera) gertatzen diren ezbeharrak. «Babesleku izango den kai segurua» eskaini zieten piratek errefuxiatuei, bizirautea ez delako delitua.
2017an Sara eta Izar Majarenas ama-alaben txanda izan zen. Albiste lazgarri batekin hasi zuen urtea Euskal Herriak: urtarrilean, Majarenasen bikotekide ohiak Izar sastatu zuen, hil nahian. Madrilgo espetxean zegoen Majarenas orduan. Piratek babesa eman nahian proposatu zieten Mattiren azalean sartzea, baina Majarenasi komunikatzeko bideak oso zorrotzak izan zirenez, bere ahizpa Haizeak bota zuen txupinazoa, ahizparen eta ilobaren izenean. Urruntze politika deitoratzeaz gain, kalean egoteko zuten eskubidea aldarrikatu zuten honela.
2018an, Altsasuko Gurasoak. Altsasun 2016an izandako liskar eta muntaia mediatikoaren harira, hainbat gazte espetxeratu zituen Espainiako justiziak. Egoerari aurre egiteko, elkartasun keinu bat egin nahi izan zuten Piratek, oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz. Altsasuko gurasoek bota zuten suziria, eragileen arteko elkarlana irudikatuz, horren garrantzia azpimarratuz eta gizarte aske bat eraikitzeko indarrak batuz. 2019an, Donostiako gaztetxeetako ordezkariek hartu zuten lekukoa. Donostian mugimendu autogestionatuak indarra izan du urte askotan zehar eta, gaztetxeek hirian betetzen duten funtzio soziala nabarmendu nahian, Donostiako lau gaztetxeetako ordezkariak izan ziren Matti: Letaman (Intxaurrondo), Txantxarreka (Antigua), Kijera (Parte Zaharra) eta Añorgako gaztetxea.
2020 eta 2021 urteak latzak izan ziren munduarentzat. 2020ko martxoan ezarri zen alarma egoera Espainiako Estatuan, COVID-19aren pandemia zela medio, eta eragin handia izan zuen horrek mundu guztian zehar. Piratek ere sufritu zituzten pandemiaren ondorioak; izan ere, koronabirusaren eraginez, ezin izan zen Aste Nagusia bere horretan ospatu. Hala ere, keinu txiki bat egin nahi izan zuten, bete beharreko neurri guztiak betez, eta Pirata Setioa izenez ezagutarazi zituzten ez-jaiak ospatu zituzten. Jasandako egoera latza zela medio, ostalariei egin zieten piratek aitortza.
Merkatari txikiak izan ziren Matti 2020an, Aste Nagusia antolatzeko tabernarien eskutik jasotzen zuten babes hori itzultzeko asmoz. Kabotajea izan zen hurrengo urteko ez-jaien izena. Pandemiaren egoerak ez zuen utzi 2021ean, oraindik ere, Aste Nagusia ospatzen. Naizen Adingabe Transexualen Familien elkartea izan zen urte horretan Matti, eta elkarteak egiten duen lana omentzeaz gain, hitzaldi bat antolatu zuten, beraiei hitza emanez. Trinitate plazan ospatu ziren Pirata Setioa eta Kabotajea, piraten hastapenetako tokira itzuliz.
Azkenik, 2022an, Euskal Herriko Bilgune Feminista. Donostiako Piratek eta Bilguneak hogei urte bete zituzten iaz. Feminismoa lehen lerrora ekartzea badago piraten baloreen artean, eta hala erakutsi zuten, Mattiren aitortza Bilgune Feministari emanez. Urteurrena konpartitzeaz gain, helburu bera dute biek: eraldaketa soziala sustatzea gizartean. Erasoen aurkako protokoloa martxan jarri izan du urteetan Bilguneak, udalak zituen hutsuneak betez, eta, hala, jai-gunea edonor aske ibiltzeko espazio bihurtuz.
Zaporeak elkarteak hartu du aurten Mattiren azalean jartzeko konpromisoa. 2012an Intxaurrondon sortua, elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituzten proiektuak gauzatzen dituzte. Greziako kanpalekuetan laguntzen hasi aurretik, Etiopiako Wukro bailaran egin zuten lehen esku hartzea, Intxaurrondotik Wukrora egitasmoaren baitan. Erakusten duten etengabeko elkartasuna omentzeko asmoz, beraiei eskaini zaie aurten Matti izateko ohorea, eta «ilusio handiz» eta «harrotasunez» hartu du elkarteak proposamena: «Normalean berri txarrak besterik ez daude gure inguruan, eta Matti izatea oso berri ona da. Aste Nagusia jai bat da eta elkartasuna jaiarekin lotzea oso polita iruditzen zaigu». Ziur daude aukera honek ikusgarritasuna emango diola elkartearen lanari; izan ere, diotenez, jende heldua erakartzen dute, gehienbat, eta gazteei gerturatzeko aitzakia ona dela uste dute. Pozik hartu du elkarteak Mattiri zapore pixka bat jartzeko erronka.