Manteo eta Zemoria parkeen etorkizunari buruzko erreferendum bat proposatuko du Uliako auzo elkarteak
Uliako auzo elkarteak Manteoko eremuko Hiri Antolamendurako Plan Bereziari buruzko hitzaldi informatiboa antolatu zuen asteazkenean Okendo Kultur Etxean, eta 138 lagun bertaratu ziren, auzo elkartearen arabera. Ohar bidez azaldu dutenez, besteak beste, erabaki zuten Fiskaltzara jotzea plana salatzeko eta Manteo eta Zemoria parkeen etorkizunari buruzko erreferendum bat proposatzea. Bestalde, gaur (hilak 10) Plan Bereziaren aurka mobilizatzera deitu dute, 19:30ean; Okendo Kultur Etxetik abiatuko dira, eta udaletxean bukatuko dute manifestazioa.
Jakina da Basque Culinary Centerren egoitza berria eraiki nahi dutela eremu horretan, baina hitzaldian gogorarazi zuten beste eraikin batzuk ere proiektatu dituztela: “Zuzkidura eraikin bat aipatu zen, hasiera batean egungo Manteoko azalerako aparkalekuan kokatu nahi dutena. Horrez gain, Larramendi gasolindegiaren atzean, Zemoriako parkean, beste bi eraikin sartu izanaren berri eman zen. Arreta berezia jarri zen plano berezian agertzen diren lur azpiko lau solairuei”. Lur azpiko solairu horien erabilerarekin mesfidati agertu da auzo elkartea: “Errotazio aparkaleku gisa esplizituki aipatzen ez badira ere, haien xede posibleak zalantzak sortu ditu. Ikuspegi honek hotelak baino are errentagarriagoa den negozio eredu bat suposa dezake, metro koadroa minutuz alokatzea ahalbidetzen duena, ia mantentze kosturik gabe”.
“Uliako auzo elkarteak Donostiako beste auzo elkarte batzuekin elkarrizketak hasi ditu, proiektu hau donostiarren arteko lankidetza konponbideak behar dituen hirigintza eraldaketa plan zabalago baten baitan baitago”, gaineratu du auzo elkarteak. Bestalde, gogoratu behar da Plan Bereziaren aurkako helegitea aurkeztu zuela elkarteak uztailean. Jarraian, hitzaldia osorik, bideoan: