«Oso sasoi onean iritsi naiz, eta bikain bukatu dut urtea»
Iñigo Llopis igerilari donostiarra elkarrizketatu du 'Berria'-k, Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan urrezko bi domina eskuratu ostean.
Pozez txoratzen iritsi da Iñigo Llopis (Donostia, 1998) etxera, Manchesterren (Ingalaterra) jokatu den Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketatik. Eta ez da gutxiagorako, bi urrezko domina kolkoan dituela itzuli baita. Aurrenekoa bizkar estiloko 100 metroko diziplinan eskuratu zuen, eta bigarrena, berriz, taldean, errelebo mistoetan. Une erabakigarrira «gorputzaldi onean» iritsi dela aitortu du Llopisek, eta, urrea helburutzat eduki ez arren, «azken errematea» egin nahi zuela. Esan eta egin. Datorren urteko Parisko Olinpiar Jokoetan pentsatzen hasi aurretik, ordea, merezitako oporrak izango ditu.
Denbora izan duzu lortutakoa barneratzeko?
Egia esan, oraindik ez. Nire proba asteartean izan zen, eta asteazken goizean berriro uretan aritu behar nuen, tximeleta estiloko 100 metrokoan. Ez dut astirik izan deskonektatzeko, eta igeri egiteko prest egon behar izan dugu aste osoan. Igandean izan nuen azken proba, eta, bidean asko disfrutatu badut ere, egia da beti daukazula burua hurrengo eguneko saioan. Astelehenean iritsi nintzen Donostiara, eta, pixkanaka, lortutakoa beste modu batean ikusteko aukera izan dut lagunen ondoan.
Bi urrezko domina lortu dituzu. Hori zen helburua?
Helburua ez zen domina lortzea. Urte osoan oso ondo sentitu naiz, eta marka hobetzera joan ginen. Oso sasoi onean iritsi nintzen Manchesterrera, eta bagenekien marka hobetzea lortuz gero dominen lehian izango ginela. Urrea lortzea posible zen; horren bila joan ginen, eta lortu genuen. Erreleboetan ere antzeko zerbait gertatu da. Bagenekien gauzak ondo eginez gero dominen lehian egoteko aukera genuela, eta Europako marka hautsi genuen. Oso pozik amaitu genuen.