Sare Herritarra salbuespen neurrien aurka mobilizatuko da Aste Nagusian
Sare Herritarrak euskal presoen salbuespen neurrien aurkako manifestaziora deitu du jaietako hainbat eragileekin batera, datorren larunbatean (hilaren 19), Bulebarrean. 12:30ean hasiko da, eta erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte presoek gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Manifestazioak Hego Euskal Herriko Aste Nagusiekin bat egingo du, eta prentsaurrekoan adierazi dutenez, jai giroan ere salbuespenaren aurkako aldarriak kaleratzea beharrezkoa da.
“Tamalez mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik ere badagoelako zeregina presoen egoera normalizatze bidean”, adierazi du Nahikari Iturbek, Sareko kideak. Azken hilabeteotan, espetxe politikan aldaketak egin dituzte, eta gradu erregresioak ematen ari direnez, egoera salatzeko kalera atera “ezinbestekotzat” jo dute. “Fiskaltzak Audientzia Nazionalaren laguntzaz, etxeratze prozesuan oztopoak jartzen jarraitzen du, elkarbizitza zangotrabatuz”, gehitu du. Hori dela eta, manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute: “Izan gaitezen Donostian etxeratzearen aldeko olatua”.