«Apustu instituzional bat dago zezenketei modu artifizialean eusteko»
Ez dago udalaren egitarauan, baina zezenketen aurkako manifestazioa ohiko bihurtu da kanoikada bota aurretik. Plataforma antitaurinoak deituta, larunbat honetan ere Bulebarretik abiatuko dira, 18:00etan, azken urteetan hau ere egitarautik kanpo egon arren, egiten jarraitzen dituzten zezenketak egiteari utz diezaioten aldarrikatzeko.
Aurten ere, manifestazioa antolatu duzue.
Geldialdi moduko batean gaude orain. Huts egindako galdeketa batetik gatoz [2017an zezenketei buruzko galdeketa egiteko baimena ukatu zuen Espainiako Gobernuak lehenik, eta Auzitegi Gorenak ondoren]. Orain alkate denak esan zuen bilatuko zuela herri borondateari bide emateko modua, baina uste dugu alkateak bere hitza jan duela.
Kontua da zezenketak areto publiko batean egiten direla. 2013an eta 2014an ez zen zezenketarik egon [orduan Bildu zegoen gobernuan], hau da, udalak badu eskumena Illunbe nahi duenari alokatu edo ez erabakitzeko. Bere esku dago, eta bere erabakia da zezenketekin aurrera egitea.
Guk azpimarratu nahi dugu herri presioak bere fruituak ematen dituela. Adibidez, zezenketak programa ofizialetik ateratzea lortu genuen. Udalak faena onenari saria ematen dio urtero, eta sari hori guztiz arbuiatzeaz gain, kentzea exijitzen dugu.
Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?
Bat: zezenketarako areto publikorik ez alokatzea. Bi: herri borondateari bide ematea. Eta hiru: orokorrean udaletik zezenketenganako zeinahi laguntza edo parte hartze ezabatzea.
Jendartea mobilizatzen duen gaia da?
Bai. Diru publikoz ordaindutako inkesta batek zezenketekiko %71ko arbuio datua eman baldin badu —kontuan izanda, gainera, udala kexu agertu zela Madrildik etorri zen erabakiarekin—, udalak, gutxienez, behin-behinean eten beharko lituzke zezenketak, harik eta herritarrek euren borondatea azaldu ahal izango luketen arte.
Manifestazioetan jendearen erantzuna nolakoa izan ohi da?
Konstantea. 1.000-1.500 lagun inguru elkartzen gara, eta gogoa bizi dago. Bide instituzionala modu horretan ixten dizutenean, bide berriak asmatu behar dituzu. Guri instituzioek esan ziguten galdeketa zela bidea, galdeketarako bidea egin genuen [horretarako 11.000 sinadura bildu zituzten], baina instituzioek beraiek oztopatu ziguten bide hori. Orain uste dugu Illunberen eraberritzearen bueltan egon daitekeela berriro gaia mahaigaineratzeko tenorea. Hausnarketa epe bat zabaldu behar dela iruditzen zaigu, donostiarrok Illunberi zer nolako erabilera eman nahi diogun erabakitzeko. Noski, zezenketak eta animalien kontrako zeinahi tratu anker at utzita.
Gainera, oso jende gutxi joaten omen da zezenketak ikustera.
Eta modu erabat artifizialean mantentzen den ikuskizuna da. Ez dauka arrakastarik, nahiz eta publizitatearekin ahaleginak eta bi egiten dituzten arrakasta izan dezan. Hor apustu instituzional bat dago zezenketei modu artifizialean eusteko.
Udalarekin zer nolako harremana duzue egun?
Azken bi urtean ez dugu bilerarik izan. Baina, egia esan, toreatzen gaituzten sentsazioa daukagu. Galdeketaren bueltan eta egin zitekeenaren bueltan hartu-emanak eduki ditugu, baina azkenean konturatzen zara egoera bere horretan mantendu nahi dutela, ez daukatela aldatzeko borondaterik. Aldatzekotan herri presioak horretara bultzatzen dituelako izango da.