«Bertako talentua eta berdintasuna sustatzen duten ekitaldiak izango dira protagonista nagusiak»
Aurten, estreinakoz garun paralisia duten hainbat pertsona egongo dira festari hasiera ematen. 312 jarduerak osatzen dute udalaren egitaraua.
Nola heltzen diozue 2023ko Aste Nagusiari?
Gogo handiz, urtero bezala. Lan taldea oso fin aritu da lanean azken hilabeteotan programa osatzen, jarduerak posible egiten dituzten babesle, elkarte eta pertsona guztiekin bilerak egiten, guztia prest egoteko. Kanoikadak hasiera emango dio larunbatean Aste Nagusiari, eta hiriak alaitasunez helduko dio ekitaldiz betetako asteari. Eguraldia lagun izatea bakarrik falta zaigu jarduerak guztiak ondo gauzatu ahal izateko.
Zertarako balio du Aste Nagusiak?
Gauza askotarako. Akaso jendeak pentsa dezake su artifizialak ikusteko eta izozkia jateko dela bakarrik, baina Aste Nagusia topiko hori baino askoz gehiago da. Aste Nagusia Donostia da, uda da, kontzertuak dira, gastronomia da, erraldoiak eta buruhandiak dira, kirola da; baina, batez ere, alaitasuna da, eta balio du donostiarrok eta egun horietan Donostiara gerturatzen diren pertsona guztiek ondo pasatzeko eta hiriaz beste modu batean gozatzeko, alegia, jai giroan. Aste Nagusiaren egitaraua donostiarrok atsegin ditugun ekitaldi ugarirekin osatuta dago, eta horiek guztiek bisitatzen gaituztenoi gure nortasuna erakusteko balio dute.
Jaien aurkezpenean “inoizko Aste Nagusi inklusiboena” izango zela aipatu zenuten.
Eta horrela da, zalantzarik gabe. Lehenik eta behin, historian lehenengo aldiz garun paralisia duten hainbat pertsona egongo dira festari hasiera ematen, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin eta udalbatzarekin batera. Aspace elkarteko kideak izango dira, eta euren 50. urteurrena ospatzeko eta gure esker ona adierazteko balioko du. Aspacek lan handia egiten du hirian garun paralisia duten pertsonen alde, eta horrek hiria inklusiboagoa egiten du. Eta bigarrenik, edozein motatako desgaitasuna duten pertsonek egitaraua osatzen duten jardueren ia herenaz gozatu ahal izango dute. Besteak beste, desgaitasun fisikoa duten pertsonek lekua gordeta izango dute hainbat ekitalditan, eta, esate baterako, autismoa duten pertsonek atrakzioekin disfrutatu ahal izango dute lau egunetan bi orduz [abuztuaren 11n, 16an, 18an eta 21ean 16:30etik 18:30era], tarte horietan atrakzioek musikarik eta soinurik gabe funtzionatuko baitute.
Egitarauaren zer balorazio egiten duzue?
M.J.: Egitarau zabala prestatu dugu, eta hori ez litzateke posible izango hiriko elkarte, eragile eta laguntza ematen diguten babeslerik gabe. Egitarauan klasikoak eta hainbat nobedade daude, gure nortasunaren adierazle diren kirol eta kultur jarduera pila, eta bertako talentua zein berdintasuna sustatzen duten ekitaldiak izango dira protagonista nagusiak. Azken horretan azpimarra jarriko nuke, duela gutxi arte gizonezkoentzat soilik ziren hainbat jardueratan emakumeen presentzia izango baitugu, besteak beste, Uliako Harrian, Pilotako Master Cup Txapelketan edo Urumeako estropadan. Gainera, Sagueseko agertoki nagusian euskal musikak protagonismo handia izango du, ETS, Huntza, Gari & Maldanbera, El Drogas edo Bulego taldeen eskutik. Uste dut donostiar guztiek gustuko dituzten jarduerak aurkituko dituztela egitarauan.
312 jarduerak osatzen dute egitaraua. Horietako zein nabarmenduko zenuke?
Asko dago nabarmentzeko. Alde batetik, ohiko jarduerak, donostiarrok asko maite ditugunak: suak, erraldoiak eta buruhandiak, txistularien alardea, txarangak, dantza ikuskizunak, bizikleta festa, zezensuzkoa; eta bestetik, azken urteetan egitarauan sartu direnak eta arrakasta handia dutenak: Holi festa, ur txirrista erraldoia, eta aurten berritasunak diren Dantz Pointa, pedaloen karrusela, batukada eguna eta azken zezensuzkoan Joselontxos txarangaren parte hartzea. Ekitaldi gastronomikoek arrakasta handia dute, eta kirolak ere garrantzi handia du. Denetarik eta denontzat.
Zein protokolo prestatu duzue sexu erasoen aurrean?
Urtero bezala, Donostiako Festakek, Berdintasun atalarekin eta beste hainbat udal departamenturekin batera, protokoloa prestatu du, horrelako gertaerak izaten direnean erantzun egokia emateko eta salaketa irmoa egiteko, jaietan zein jaietatik kanpo. Jaietako zapietan argi eta garbi dago idatzita Ez Ezetz Da leloa. Gure konpromisoa irmoa da eta, beti bezala, adi egongo gara edozein gertakariri, eta elkarlanean arituko gara.