«Gure komunitatea jai gunean lanean ibiltzen den jendea baino zabalagoa da, eta gero eta zabalagoa izatea nahi dugu»
Aste Nagusi Piratako jai gunearen muntaketan harrapatu ditugu Ines Arrue, Maddi Peña eta Inge Ugarte piratak, eta tarte bat eskaini digute jaien antolaketa nola joan den, zer berritasun dauden, mugimendua nola dagoen eta lantalde feministaren aurtengo lanketa nolakoa izan den azaltzeko.
Nola joan da Aste Nagusi honetarako prestaketa?
Maddi Peña (M.P.): Ondo. Hasi ginenean nahiko gutxi genbiltzan antolaketan, baina, egia esan, kurtsoak aurrera egin duen heinean, jendea animatzen joan da. Hala ere, jende falta dagoela nabaritzen da oraindik, beste herri mugimendu askotan pandemiaren ostean gertatzen ari den moduan.
Ines Arrue (I.A.): Pandemiaren eraginez gertatzen ari da hori; jendeak pixka bat galdu du jaiak antolatzeko martxa. Hala ere, muntaketa lanetarako gunea jendez beteta dago, beraz, Aste Nagusia gerturatu ahala, jende gehiago animatzen ari da. Su txikian kozinatzen den zerbait da.
M.P.: Gainera, pandemiarekin, belaunaldi aldaketa bat egon da mugimenduan, eta nahiko nabarmena izan da hori. Pandemiaren aurretik Donostiako Piratetan zebilen jende askok utzi egin du, eta nabaritzen da.
Egitarauari begira, bada berritasunik edo nabarmentzeko jarduerarik?
I.A.: Urte indartsuen antzeko egitaraua mantentzea lortu dugu, eta garrantzitsuena da jarraitzen dugula izaten herriaren alternatiba, alternatiba parte hartzailea. Era berean, jarraitzen dugu festa periferiara eramaten. Txupinazoarekin hasiko gara, Intxaurrondoko estankea abordatuko dugu, abordatzearen festa erraldoia izango dugu, asteartean Sardiñeren Eguna eta Grosen Ubarroiena izango ditugu eta asteazkenean Pirata Eguna izango da, iaz estreinakoz antolatu genuena.
M.P.: 2019an antzeko zerbait egitekoak ginen, baina gunea itxi genuenez, ezin izan genuen egin [eraso matxista asko eta askoren salaketak jaso zituzten Donostiako Piratek urte hartan, baita biktimak artatu ere; horregatik, egun oso bateko egitaraua bertan behera utzi zuten]. Orduan, iaz antolatu genuen lehenengo aldiz Pirata Eguna, eta aurten errepikatuko dugu.
I.A.: Iaz formatu txikian egin behar izan genuen eguraldiarengatik, beraz, ea aurten behingoz ondo ospatu dezakegun egun hori. Bestalde, ostegunean urteroko Bizi-Festa, mojito jaialdia eta haurrentzako egitaraua izango ditugu. Ostiralean gazte eguna eta kartelada izango ditugu, eta danborrada berreskuratuko dugu. Gainera, egun horretan Itzurun konpartsako erraldoien bisita ere izango dugu. Aurten, harremanak sustatu dituzte eragile ugarirekin, eta Aste Nagusiko egun bakoitzean auzo batera edo batzuetara eramango dituzte erraldoiak. Horrela, ostiralean hona etorriko dira, gurekin dantzatzera; polita izan daiteke! Azkenik, larunbatean azoka eta Xibaroen bazkaria izango ditugu, eta igandean Irrikitaldia.
Mugimenduaren 20. urteurrena izan zen iazkoa, eta, gainera, pandemia osteko lehenengo Aste Nagusia izan zen. Zer balorazio egin zenuten?
M.P.: Ohi baino xumeagoa izan zen. Zoritxarrez, egin nahi genituen gauza asko ezin izan genituen egin, baina nahiko emaitza ona izan genuen azkenean, eta balorazio positiboa egin genuen orokorrean.
I.A.: Niretzat, iazkoa urte polita izan zen, Maddik lehen aipatu duen moduan, pandemiaren ostean belaunaldi aldaketa bat egon delako mugimenduan, eta iazkoa belaunaldi berriaren lehenengo urtea izan zelako. Orduan, oso ona izan zen jende berria lanean ikustea, lehen aldiz ardurak hartu zituen jendea ikustea eta, gainera, dena ondo ateratzea. Bi urte Aste Nagusirik gabe pasatu ondoren eta azken Aste Nagusi normala [2019koa] erasoengatik itsusia izan ondoren, bazegoen presio moduko bat iaz, eta dena ondo atera zen. Errelebo bat eman zen, eta aurtengoa errelebo hori finkatzeko urtea da; hemendik gora berriz!
Lantalde feministari dagokionez, nolako lanketa egin duzue aurten?
Inge Ugarte (I.U.): Protokoloari dagokionez, iazkoaren antzekoa da, eta iazko filosofiarekin jarraituko dugu. Hau da, jai gunean puntu morea jarriko dugu, baina artatzeak ez ditugu hor egingo, iruditzen zaigulako hori beste batzuek egin behar dutela. Orduan, udalak Bulebarrean jarritako puntura bideratuko ditugu artatzeak.
Modu positiboan baloratzen dugu udalarekin egindako elkarlana, horren ondorioz lortu dugulako Bulebarreko gune hori zabalik egotea egunean 21 orduz: 13:00etatik 10:00etara. Bestalde, berritasun gisa, buelta bat eman diogu mugimenduaren barruan gertatzen diren erasoen gaiari: lanketa bat abiatu dugu horren inguruan, eta garrantzia eman diogu pirata guztien formakuntza feministari, bereziki protokoloari dagokionez.
Iaz Salaketa Eguna antolatu zenuten, Aste Nagusia hasi aurretik finkatuta zegoena, jaietan gerta zitezkeen erasoak salatzeko. Aurten ere antzeko zerbait egingo duzue?
I.U.: Bai, Salaketa Eguna antolatu dugu aurten ere; bigarren larunbatean izango da, 19:00etan. Aste Nagusia aurrera joan ahala, ikusiko dugu zer forma hartuko duen manifestazio edo dena delako horrek.
I.A.: Tamalgarria da horrela hitz egin behar izatea, baina jakin badakigu salaketa egin beharko dela, beraz, Salaketa Eguna finkatuta daukagu, eta Aste Nagusian zehar gertatzen denaren intentsitatearen arabera, ikusiko dugu zer forma eman egun horri. Eta, jaietan gertatzen denaren arabera, aztertu beharko dugu bestelako neurriak hartu behar diren.
Nolako harremana izan duzue aurten udalarekin?
I.U.: Puntu moreari dagokionez, balorazio ona egiten dugu, lortu dugulako 21 orduz luzatzea zerbitzua. Hala ere, Aste Nagusi osoarentzat puntu more bakar bat egotea gutxi iruditzen zaigu.
Udalaren eta mugimenduaren arteko harreman orokorra nolakoa izan da aurten?
M.P.: Azken urteotakoaren antzekoa izan da. Esan behar da abordatzerako autobabes plana guri eginarazi digutela aurten. Urte luzez beraiek egin izan dute, baina aurten esan ziguten ez zutela beraiek egingo, eta lan dezente egon da horren atzean guretzat. Alde horretatik, nahiko itsusia iruditzen zaigu urte batetik bestera karga hori guri pasatzea, aurretik abisatu gabe. Horrez gain, nahiko ondo moldatu gara udalarekin, betiko gorabeherekin.
I.A.: Nabarmendu behar dugu udalarentzat jarraitzen dugula izaten indar eragile bat, eta hori oso argi ikusten da puntu morearen lanketarekin. Gure lantalde feministaren lanketatik eta gure presiotik ateratzen da beraiek ematen duten zerbitzua. Gu gara dena abiatzen duen indar hori, eta beraiek inertziaz doaz gauzak egiten. Puntu morearen zerbitzuarekin udalak ere irabazi du, baina guri esker izan da. Baina nabarmendu behar da guregandik ateratzen dela beti lana eta zaintza, zentzu guztietan. Abordatzearekin, udalak bere egitarauan sartzen du, baina autobabes plana guk egin behar izan dugu. Eta puntu morearekin berdin; guk asumitzen dugu gure gunea dela hau eta gure gunearen zaintzaren ardura gurea dela, baina ezin dugu gure gain hartu hiri oso baten zaintza. 2019an, hain zuzen ere, hori gertatu zen.
Zein egoeratan dago Donostiako Piraten mugimendua?
I.A.: Aurtengoa belaunaldi erreleboa finkatzeko urtea, eta hori da helburu nagusia, jendea eroso sentitzea dagoen posizioetan. Horretarako, barne zaintza ere egin behar da, jendea benetan gustura egoteko mugimenduan eta militantzia esparru eroso bat izateko. Lantalde feministak lanketa handia egin du zentzu horretan, eta norabide horretan lan egiten jarraitzen dugu.
M.P.: Jendea berria erakartzea ere bada gure helburuetako bat. Jende gazte asko dago ez dakiena nondik eta nola sortu ziren Donostiako Piratak, eta jende hori erakarri behar dugu mugimenduan parte hartzera. Azkenean, jendeak egiten ditu Donostiako Piratak, eta jendea behar da. Egia da urtean zehar jendea deskonektatuago egoten dela, eta Aste Nagusia gerturatu ahala jende asko etortzen dela laguntzera eta parte hartzera. Orduan, nik uste dut nahiko ondo moldatuko garela aurten, lana nahiko ondo banatuta izango dugula. Internet bidez, adibidez, mugimendutik kanpo dagoen jende askok eman du izena txandak egiteko; asko, gainera, aurreko urtean ere txandak egin zituzten pertsonak dira, oso ondo pasatu zutenak barraren atzean eta errepikatu nahi dutenak.
I.A.: Hori da gure balioetako bat, gure komunitatea ez dela soilik jai gunean lanean ibiltzen den jende txalekoduna, gure komunitateak geruza asko dituela baizik: txalekodunak, bestelako arduradunak, zapi beltza daramatenak, gurekin urtero txandak egitera etortzen diren eragileak, eta abar. Mugimendua oso zabala da benetan, eta gero eta zabalagoa izatea nahi dugu.
M.P.: Nabarmentzekoa da eragileena. Iaz hasi ziren batzuk gurekin txandak egiten, eta aurten eragile ugari daude gu laguntzeko prest: Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, antitaurinoak, Bizilagunekin plataforma, Kaleko Afari Solidarioak, Karmengo jaiak, EHZ jaialdia, eta abar.
Zer espero duzue aurtengo Aste Nagusiaz?
I.A.: Denontzat jai bizigarriak eta askeak izatea nahi dugu, eta espero dugu horrela izatea; guk horren alde lan egingo dugu behintzat. Eta espero dugu gunea betetzea, jendea ondo pasatzera etortzea eta jende berria etortzea, mugimendua zabaltzen jarraitzeko.