Etxean hasiko du liga Realak
Futbola ez ezik, arrauna ere egongo da asteburuan: Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak Galizian ariko dira.
Denboraldiaurrea bukatuta, hemen da liga hasiera: Realak Gironaren aurka jokatuko du larunbatean, 17:00etan. Neurketa Anoetan izango da, beraz, realzale donostiarrek Aste Nagusiko kanoikadaz edo txupinazoaz gozatu aurretik izango dute zer egin. Andre Silva eta Hamari Traore fitxatu ostean, ilusioz beterik daude zaleak, eta Imanol Aguacilen taldea hiru puntuak lortzen ahalegindu beharko da, denboraldia ondo hasteko.
Futbol denboraldia hastear da, eta arraun denboraldiak aurrera jarraitzen du. Hain zuzen ere, Galizian lehiatuko dira larunbatean eta igandean traineru donostiarrak. Euskotren Ligan (neskak), Donostia Arraun Lagunak da sailkapeneko liderra, eta lidergoa mantentzea du helburu, Galiziako uretan estropada onak eginda. Hala ere, Donostiarra ez dago oso urrun, hirugarrenak baitira, Orioren atzetik. Larunbatean Moañan lehiatuko dira, Aqualia de Traiñas Banderan (17:30). Igandean, aldiz, Boiron ariko dira, IV. Rianxeira Banderan (11:25). Pasa den asteburuan, jokatutako bi banderak irabazi zituen Donostia Arraun Lagunakek.
Eusko Label Ligako arraunlariak ere (mutilak) Moañan lehiatuko dira larunbatean (18:20) eta Boiron igandean (12:15). Donostiarra ligako laugarren sailkatua da, eta sailkapenean gora egin nahi badu, estropada onak egin beharko ditu Galiziako uretan.
KAE 2 Ligan, Donostiarraren bigarren trainerua Pasaian lehiatuko da larunbatean, 12:00etan. Errenteriako Hiria X. Bandera izango dute jokoan.