Pasealeku Berrian egun bat lehenago hasiko da Aste Nagusia
Larunbatean hasiko da Aste Nagusia, baina Pasealeku Berrian prest daude jai giroan murgiltzeko, prest baitituzte urteroko barrakak, eta gaur jarriko dituzte funtzionamenduan, jaiak hasi baino egun bat lehenago. Zehazki, 17:00etan hasiko dira lehenengo bezeroak jasotzen, eta hurrengo aste osoa ez ezik, hilaren 21eko gauerdira arte egongo dira funtzionamenduan.
Hamaika makina, hamabost jolas postu eta tonbola eta zortzi janari eta edari postu jarri dituzte aurten, tartean hainbat atrakzio eta postu ezagun: Antojitos tonbola eta bikingoen ontzia, besteak beste. Barraken prezioa 4 eta 4,50 euro artekoa izango da, gaur (hilak 11) eta azken egunean (hilak 21) izan ezik, 2,20 euroko prezioa izango baitute egun horietan. Gaur gauerdira arte egongo dira zabalik barrakak, hilaren 12tik 19ra 16:30etik 04:00etara, hilaren 20an 16:30etik 01:00etara eta 21ean 17:00etatik gauerdira.