Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamahiru pertsona identifikatu dituzte Martutenen
Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hamahiru pertsona identifikatu dituzte ostiral goizean Martuteneko Agustindarren ikastetxe zaharraren eraikinean. Udaleko iturriek azaldu dutenez, Donostiako Udaltzaingoak dispositibo bat sortu zuen duela hainbat urte, hiriko egonlekuak kontrolatzeko: “Hiri osoan zehar egon daitezkeen eraikin hutsak edo egonlekuak egon daitezkeen tokiak kontrolatzen ditu, jakiteko zenbat jende dagoen eta zein egoeratan bizi diren”. Etxerik gabeko pertsona batzuek lo egiteko erabiltzen dute eraikin hori.
Horrela, dispositibo horretako agenteak eta Ertzaintza Agustindarren ikastetxe zaharrera joan dira goizean, eta, udaleko iturrien arabera, “hamahiru pertsona zeuden eta eraikina oso egoera txarrean dagoela ikusi dute. Bertan zeuden pertsonak identifikatu dituzte eta arazorik gabe dispositiboarekin jarraitu dute”.
Eraikin hori Eusko Jaurlaritzarena da, eta Donostiako Udalak hainbatetan egin dion eskaera egin dio oraingoan ere Jaurlaritzari: “Udalak aspaldi eskatu dio eta eskatzen jarraituko dio Eusko Jaurlaritzari eraikina berreskuratzeko behar diren tramite guztiak egin ditzala, eta behin berreskuratuta balioan jar dezala”.
Salaketen ondorioz
Azkenaldian, Martuteneko bizilagun batzuek salaketak jarri dituzte ikastetxe zaharrean lo egin ohi duten pertsonekin izandako hainbat arazorengatik, eta udalak gogorarazi du “auzotarrekin konpromisoa” hartu zuela “Poliziaren presentzia areagotzeko”: “Gaurkoa aipatutako egonlekuak kontrolatzeko zerbitzu horren parte izateaz gain, hartutako konpromisoaren parte ere bada”.
Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak dira eraikin horretan bizi direnak, eta asko dira zaurgarritasun egoeran egoteak eta delinkuentziak lotura dutela ondorioztatzen duten ikerketak. Era berean, ikerketa askok diote Poliziaren presentzia areagotzea baino, eraginkorragoak direla gizarte integrazioaren arloko neurriak; adibidez, Maria Dolores Delgado Tarragaren Exclusión social y criminalidad ikerketak (UNED, 2014).