«Aste Nagusi Piratako antolakuntzan sartuta gaudenez, oso berezia izango da Flamenkako kontzertua»
Donostiako Mugan taldeak udako kontzertu bereziena izango du igandean Flamenkako agertokian. Taldekide guztiek gertutik bizi dute Aste Nagusi Pirata, eta duela urte batzuk antolakuntza taldean dabiltza. Sei lagunez osatutako talde gazteak 'Bizirik ez bagaude' lehen diskoa atera zuen iaz, eta aurtengo uda kontzertuz beteriko lehena izan dute. Ekainean hasi zuten bira Euskal Herriko herrietan kontzertuak eskaintzen, eta etxeko kontzertuarekin amaiera emango diote birari. Hala ere, bigarren diskoa prestatzen dabiltza, eta oraindik ere, argitalpen data zehatzik izan ez arren, datorren hilabeteetan hurrengo abestiak kaleratuko dituztela argitu dute Mugan taldeko Pablo Zurutuzak eta Joseba Pastorrek.
Kontzertuz beteriko uda da. Zer moduz zaudete?
Pablo Zurutuza (P.Z.): Ondo. Kontzertu asko izan ditugu, inoiz baino gehiago. Aurreikusten genuena baino kontzertu gehiago eman ditugu, eta orain udako azkena falta zaigu Aste Nagusian. Igandean Flamenkan eskainiko duguna oso berezia izango da.
Ekainean hasi zenuten udako kontzertuen bira eta ez duzue atsedenik izan. Espero zenuten astero kontzertu bat eskaintzea?
Joseba Pastor (J.P.): Diskoa ateratzean, gure ideia musika zabaltzea eta ahalik eta toki gehienetan kontzertuak ematea zen. Hau da, jendartean gure musika zabaldu nahi genuen, eta uda honetan leku askotatik deitu gaituzte edo haiekin harremanetan jarri gara, eta kontzertuz beteriko uda izateko aukera bikaina izan dugu.
P.Z.: Udaran, betidanik, jaietan sartzeko beldur puntu hori izan dugu gure musika estiloa dela eta, herriko jaietako egitarauetan sartzea zailagoa dela uste dugulako. Erromeria talde batek arazo gutxiago ditu herriko jaietan egoteko. Aurtengoa ezustekoa izan da, lehen aipatu dudan moduan, uste baino gehiago jo baitugu. Sanjoanetatik daramagu ia-ia astero jotzen, eta kontzertuz kontzertu sentsazio hobeekin ateratzen gara. Hasieran, urduri geunden. Gainera, urte hasieran hainbat hilabetez jo gabe egon ginen, baina behin martxa hartuta, aurrera. Oso zoriontsu gaude lortutakoarekin.
Euskal Herritik kontzertuak eskaini dituzue. Nolako harrera izan duzue beste herrietan?
P.Z.: Guk beti hemendik gertu jo izan dugu, eta aurtengo helburua gure musika zabaltzea zen. Donostiatik eta inguruko herrietatik atera nahi genuen, eta Iruñean, Gasteizen, Baionan eta Bizkaiko hainbat herritan –Sestaon, Zornotzan eta Durangon– jotzeko aukera izan dugu. Baionakoa Iparraldean jo dugun lehena izan da, eta hemendik gutxira bueltatzea espero dugu. Urola aldetik ere lehen aldiz aritu gara, Zumarragan, eta oso pozik gaude publikoarengandik jasotakoarekin. Pixkanaka, Euskal Herriko musika taldeen mapan sartzen ari gara, presarik gabe helburuak betetzen gabiltza. Hasieran, jendeak abestiak ez jakitearen beldurra genuen. Egia da kontzertu gehienetan pertsona pare batek abestiren bat dakitela, eta horrek ilusioa ematen digu sortzen duten giro politagatik.
J.P.: Sumatzen dugu hemendik kanpoko publikoa zailagoa dela, baina aldi berean ere eskertzen da aurpegi berriak ikustea, eta kontzertu bukaeran ezagutzen ez duzun norbait gure musikarekin konbentzitu duzula sentitzea. Etxean jotzea, lagunekin batera eta plaza goraino beteta ikustea polita da, baina jende berria ikusteak poztasuna areagotzen digu.
Diskoa atera zenutenean pandemiaren egoerari aurre egin behar izan zenioten, eta aukera gutxi izan zenituzten kontzertuak eskaintzeko. Zer sentitzen zenuten?
J.P.: Orain kanpoan jotzen dugunean sentitzen dugun egoeraren antzekoa da, diskoa atera aurretik jendeak ez zekizkien abestiak. Ezagutzen ez dugun jendearen aurrean kontzertuak eskaintzera goaz, egiten duguna ona denaz konbentzitzeko jendea. Nahiz eta abestirik ez jakin, kontzertua ikusten eta entzuten gelditzen direla ikustea oso pozgarria da guretzat.
P.Z.: Ni, adibidez, kontzertuetan pikatzen naiz. Norbait ikusten badut hasieran ez duela abestirik ezagutzen, begiratzen diot eta nire helburua da kontzertutik sentsazio onekin ateratzea eta gure musika gustatzea. Publikoak gure kantak jakin ez arren kontzertuan zehar abestiak ikasi ditzan saiatzen gara. Pare bat ikusten ditugu abestiak kantatzen edo gure kamisetarekin, eta horrek ilusioa egiten digu. Kontzertu hasieran geldirik daude, baina pixkanaka-pixkanaka gerturatzen doaz, eta dantzatzen hasteak sekulako ilusioa egiten dit, bereziki.
Aste Nagusian, Flamenkan eskainiko duzuen kontzertua udako bereziena izango da. Agertokia dagoeneko ezaguna duzue aurreko urteko kaiko Karmengo jaietan jo zenutelako. Zerbait berezia prestatu duzue?
P.Z.: Hasteko, Aste Nagusi Piratako antolakuntzan sartuta gaudenez, oso berezia izango da, jaiak gertutik bizi ditugulako. Karmengo jaietan bertan jo genuen eta sekulakoa izan zen, jendetza bildu zen. Flamenkan jotzea amets bat da, literalki. Kontzertuan ez gara bakarrik ariko, gure diskoan kolaboratu duten Idoia Asurmendi, Asier Beramendi eta Herenegun taldeko Jonxa ere taula gainean izango dira.
J.P.: Pablorekin bat eginez, taldekide guztiok donostiarrak eta piratak izanda, kristoren ilusioa egiten digu bertan jotzeko aukera edukitzeak. Txikitatik miresten ditugun taldeak ikusi ditugu bertara igotzen, eta aurten gure txanda izatea eta taula gainean egotea sekulakoa izango da. Sortzen den giroa nolakoa den ikusita eta giro hori guk sortuko dugula pentsatzeak asko pozten gaitu, nire ustez taldekide guztiontzat helburu handi bat da.
Diskoa Durangoko Azokan aurkezteak indarra eman zion taldeari?
P.Z.: Bai, Durangokoa izan zen lehenengo aldia Bizkaiko zona horretan jo genuela. Jende gutxi joatea espero genuen, berriak ginen eta gure diskoak ez zuen oihartzun handirik izan hasiera batean. Ordutegi ona tokatu zitzaigun, XSakara aurretik jo izana oso ona izan zen, jende ugari ekarri baitzuen. Plateruena nahiko beteta zegoen, espero genuena baino jende gehiago bertaratu zen. Durangon nabaritu genuen jende dezentek hor ezagutu gintuztela, eta hortik aurrera inguru horretan hainbat aldiz jo izan dugu.
Lehenengo diskoa atera ondoren, bigarren diskoa aterako duzue?
P.Z.: Bai, dagoeneko lanean gabiltza, eta lehenengo singlea kaleratu genuen: Mina baino lehen izenekoa. Orain, abestien ekoizpen lanari garrantzia eman nahi diogu, eta horregatik ezin dugu data zehatzik esan. Hala ere, hemendik urte bukaerara bitartean, abesti gehiago kaleratuko ditugu.
J.P.: Hurrengo lanaren lehenengo singleaz gain, bigarrena ere prest dugu, eta irailean argitaratzea espero dugu. Diskoko abestiak konposatuta daude, eta orain dena lasai grabatzea eta proiektuari itxura ematea tokatzen zaigu. Lan luzea dugu aurretik.
Estiloaren aldetik, betikoa mantenduko duzue edo berritasunak egongo dira?
P.Z.: Estiloa berdina edo antzekoa izan arren, aldaketa bat nabaritzen da lehenengotik bigarrenera, batez ere, abestietan. Landuagoak izango dira, eta haien arteko istorio moduko bat eraikitzen saiatuko gara. Lehenengo diskoan abestiak oso landuak ziren, denbora asko generamalako abesti horiek modu berean jotzen. Musikalki taldearen sentsazioa hautematen dut, eta gitarra akustikoak ez du garrantzia handirik izango bigarren diskoan. Diskoa indartsuagoa edo ilunagoa izango da.
Zer helburu dituzue hemendik aurrera?
J.P.: Bueltatzea jo izan ditugun lekuetara. Diskoa atera genuenetik gure helburua musika zabaltzea eta ahalik eta toki gehienetara joatea izan da. Hurrengo helburua, jo dugun lekuetara bueltatzea eta aurreko urtekoa hobetzen saiatzea izango da. Oso baikorrak gara egiten dugunarekin, eta gure helburua aurrera jarraitzea izango da, beti ere, ahal dugun guztia aprobetxatuz.
P.Z.: Aurtengoa leku berrietan sartzeko urtea izan da, eta oraindik horretan jarraitu behar dugu, bidea falta zaigu. Hurrengo helburua talde ezagun moduan finkatzea eta izena izatea izango da, baina hori gaur egungo egoera ikusita zailagoa da. Leku gehiagotan jotzen uzten diguten bitartean. aurrera. Izan ere, Donostia kenduta, oraindik ez dugu agertokirik errepikatu.