Zezenketarik gabeko Donostia aldarrikatu dute
Urtero legez, Aste Nagusia hasi aurretik zezenketen aurkako manifestazioa egin dute atzo arratsaldean (hilak 12) Erdialdeko kaleetan barrena. Gure eskuetan lelopean, hainbat manifestarik egin dute bat Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak luzatutako deiarekin.
Manifestazio amaieran irakurritako komunikatuan, gogoratu dute Aste Nagusian hemezortzi zezen “heriotzara arte torturatuak” izango direla. Gainera, nabarmendu dute udalak “ondo asko” dakiela “donostiarron gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi gure hirian”, eta horretarako areto publiko bat erabiltzea kritikatu dute: “Udalak aukera du bere jabetzakoak diren aretoak egoki ez deritzon ekitaldietarako ez alokatzeko” —2013an eta 2014an ez zen zezenketarik egin, Bildu udal gobernuan zela—. Hortaz, zezenketak ahalbidetzea Eneko Goia alkatearen “borondatea” dela ondorioztatzen dute plataformako kideek, alegia, zezenketei erakundeei esker eusten dietela.