Donostiako Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren egoera txarra salatu dute langileek

Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSIS) langileen kolektiboak salatu du zerbitzua egoera txarrean dagoela, eta udalarentzat ez dela “lehentasunezkoa”. Horrela, ohar bidez egin duten salaketan Eneko Goia alkatea buru duen udal gobernua seinalatu dute zuzenean: “Gobernu hau udalean dagoenetik, ez du zerbitzuarentzat plan bat diseinatu. 2016ean martxan jarri zen Gipuzkoa babestu 20_30 plan estrategikoa; lurraldeko bi suhiltzaileen zerbitzuko bateratasun operatiboa zuen helburua, baina 2018an bertan behera gelditu zen. Zer dago geroztik? Ezer. Ez da bideratzen ez aurrekontua, ez behar adinako inbertsioa langileak ordezkatzeko, lantaldea egokitzeko, ez ibilgailuak hobetzeko, ez instalazioak hobetzeko, ez langileak prestatzeko, ez norbera babesteko ekipamenduak erosteko eta mantentzeko, ez eta segurtasuna hobetzeko ere”.
Era berean, kritikatu dute Donostiako Udalak aurten “zero euro” bideratuko dituela euren zerbitzuko inbertsioetara. Horrela, herritarrei jakinarazi diete “larrialdi zerbitzu bat emateko behar diren baliabideak zenbat eta gehiago murriztu, orduan eta handiagoa izango dela murrizketa horiek sortuko dituen segurtasun eza herritarrei”.
Askotariko hutsuneak
Zerbitzuaren egoera hobeto ulertzeko, zenbait adibide jarri dituzte langileek: Esku hartzeetarako hiru zisterna kamioietako bik 20 urte baino gehiago dituzte. Horietako bat, Bizkaiko Foru Aldundiak erretiratu behar zuen kamioia da. Zerbitzuaren beharrak betetzeko, laugarren kamioi bat behar da lehenbailehen. Bestalde, PMA ibilgailua (aginte postu aurreratua, babes zibileko ibilgailua) egokitutako mikrobus zahar bat da, Dbusetik iritsi zena. Erosketa aurten jarri behar zen martxan, baina inbertsioak eten egin dira”.
“Ez dago gutxieneko premien plangintzarik. Eta beharrezkoa da Plan Estrategiko bat, zerbitzua eta haren behar guztiak zehaztuko dituena”, gaineratu dute.
Langileen egoeraren inguruko adibideak ere jarri dituzte: “Buruzagitza lanpostuak bete gabe daude. Ez dago zuzendaririk duela hilabete eta erdi, martxotik ez da inspektore burua ordezkatu eta Antolamenduko inspektoreordearen lanpostua hutsik dago. Suteetako esku hartzeetarako ez dago beharrezko jantzirik langile berrientzat. Ez da aurrekonturik bideratu esku hartzeetako oinetakoen eta jantzien kalitatea hobetzeko, ezta esku hartzeetarako tresnen kalitatea hobetzeko ere. Ez dago behar besteko aurrekonturik langileek jaso beharreko prestakuntza jaso dezaten zenbait arlotan. Ez dago langile nahikorik hirigintzatik eratorritako espedienteak kudeatzeko. Inspektoreorde bakarra dago. Zentralari dagokionez, ez dago langile nahikorik 24 orduz egunero egoteko betebeharra bermatzeko, eta operadoreei ere ez zaie prestakuntzarik ematen. Instalazioak zaharkituta geratzen ari dira inbertsio faltagatik, bai Komunikazio Zentraleko sistema informatikoak, bai irratiak, bai GPS sistema digitalak, eta abar. Ez dago inbertsiorik Suhiltzaileen Parkeko eraikinean bulego eta prestakuntza areto gehiago jartzeko espazioak egokitzeko”.
“Udal Gobernuak erantzun bat emateko gaitasunik ez du”
Egoera horretatik ateratzeko bete behar diren gutxieneko beharrei buruzko txostena helarazi diote langileek Martin Ibabe Suhiltzaileen arloko zinegotziari, baina, diotenez, “zinegotziarekin bildu ondoren, udal gobernuak erantzun bat emateko gaitasunik ez duela frogatu egin da”. “PSIS-en berehalako beharrei buruzko erantzunik jaso ez denez, zerbitzua osatzen duten langileen batzarrak, udaleko langileen batzordearen laguntzarekin, bere egoera ezagutaraztea eta iritzi publikoaren aurrean salatzea erabaki du”, gehitu dute. Era berean, mobilizazioak iragarriko dituztela jakinarazi dute.