Hasi dira abordatzerako motorrak berotzen

Piratak dagoeneko hasi dira abordatzerako baltsak eta txalupak prestatzen eta uretaratzen kaiko arrapalan. Paletak, plastikozko poltsak, flotagailuak… edozer gauzak balio du itsasoratzeko, eta material hauekin aritu dira adin guztietako piratak euren baltsak muntatzen. Lehenengo txanda 9:30etatik 11:00etara izan da, bigarrena 11:00etatik 12:30etara eta azkenekoa 12:30etatik 14:00etara. Azken orduko arazoak ere izan dituzte hainbat gaztek, baina, azkenean, dena ondo prestatu eta uretara bota dituzte euren txalupak.
Ehunka lagun bildu dira goizeko lehen txandan baltsak muntatzera kaiko arrapalan eta Aquarium inguruan. Eguraldiaren aldetik, goibela bada ere, piratak ilusioz eta gogoz daude arratsaldearen zain. Baltsak prestatzean, hainbat boluntario baltsak itsasoratzen aritu dira, arratsaldeko bostetarako dena prest uzteko. Eguerdian, abordatze eguneko bazkaria izango dute, parte hartzaileek indarrak har ditzaten arratsaldekoari begira. Ikusi beharko da ea zein baltsa den Kontxako hondartzara lehenengoa iristen.
Jarraian, baltsen muntaketako argazki galeria:




























