Piratek Donostia abordatu dute
Donostiako Piratek aurten ere ez dute hutsik egin, eta ehunka piratek Donostia abordatu dute beste behin ere. Iaz egin zuten pandemiaren osteko lehenengo abordatzea, eta hura arrakastatsua izan bazen, aurtengoa ez da atzean gelditu, 1.500 lagun inguruk hartu baitute parte, 220 bat baltsatan banatuta. Ohiko legez, boluntario ugari ere buru-belarri aritu dira lanean, dibertigarria eta alaia ez ezik abordatzea segurua izan zedila bermatzeko. Parte hartzaileen artean, nabarmentzekoa da gazte kuadrillak izan direla nagusi.
Goizean goizetik abordatze giroa egon da kaian, goiz osoan zehar baltsak muntatzen aritu baitira pirata kuadrillak, eta herri bazkari jendetsua egin dute eguerdian. 17:00ak gerturatu ahala, urduritasuna areagotzen joan da kaiko arrapalan, eta Ezkila kapitainak eta Mattik –aurten, Zaporeak elkartea– txupinazoa bota bezain laster, korrika abiatu dira uretara han bildutako guztiak.
Batzuk baltsa onetan, beste batzuk kaskarretan eta beste batzuk txarretan, baina, azkenean, gehien-gehienak iritsi dira Kontxara, eta jai giroa kaian ez ezik, Kontxa inguruan egon da hortik aurrera ere. Urteroko legez, baltsak txukun-txukun jaso dituzte, eta kalejiran abiatu dira ondoren kairantz, La Fulana DJ-a buru. Piratek 2003an abordatu zuten estreinakoz Donostia, eta bi hamarkadaren ondoren, hiria abordatzen jarraitzen dute, jai herrikoiak aldarrikatuz.
Jarraian, abordatzeko argazki bilduma eta bideoa, hedabide honek uretatik zein lehorretik egindako irudiekin osatutakoa: