Beste bi eraikin egingo dituzte Donostiako ospitaletan
Donostiako osasun esparruan zabalkunde lan garrantzitsuak egingo dituzte datozen urteetan, Gotzone Sagardui osasun sailburuak Euskadi Irratian azaldu duenez. Zehazki, beste bi eraikin egingo dituzte eremuan: protonterapia izeneko erradioterapiaren antzeko teknika aurreratua garatzeko eraikin bat Onkologikoaren ondoan eta beste bat kanpo kontsultak hobeto bermatzeko Donostiako Ospitaleari batuta.
Osakidetzak 100 milioi euro inguru inbertituko ditu zabalkunde lan horietan –72 milioi kontsulten eraikinean eta 24 bestean–, eta 2027rako erabat bukatuta egotea aurreikusten dute. Protonterapiaren eraikineko lanak hasiko dituzte lehenik, martxoan, eta 2026ko lehenengo lauhilekorako amaitzea aurreikusten dute. Beste eraikineko lanak ekainean hasiko dituzte, eta 2027ko udan bukatu.
Protonterapiarako erabiliko duten eraikinak baldintza bereziak behar ditu, besteak beste, terapia horretarako erabiltzen diren materialek sortu dezaketen erradiazioarengatik. Horregatik, lau solairu izango ditu eraikin horrek, horietako bi lur azpian. Lur azpiko solairuetako bat “bunker berezi bat” izango dela esan du Sagarduik, aipatu erradiazioarengatik, hain zuzen ere. Lur azpiko beste solairua aparkaleku bat izango da. Goiko bi solairuetan arreta gunea, kontsultak eta administrazioa eta profesionalen lan esparrua egongo dira. “Badakigu protonterapia zerbitzuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoko eta inguruko erkidegoetako zerbitzua bermatuko duela”, nabarmendu du Sagarduik.
Lanen ondorioz, ospitaleen egungo aparkalekua lekuz aldatu beharko da, eta lanak bukatuta daudenean eraikin berrian egongo bada ere, lanek irauten duten bitartean non egongo den azaldu du goizean Eneko Goia alkateak: “Hor atzean lursail bat dago, estatuarena, eta Jaurlaritza dabil lursail hori erosi nahian, lanek irauten duten bitartean hor aparkalekua jartzeko”. Horrela, udalak lanen xehetasun ikerketa onartu du gaur bertan.