Bizikletan ere badakite ondo pasatzen Donostiako Piratek
Iazko Aste Nagusian eguraldi txarra egin zuen Piraten Bizi-Festaren egunean eta ezin izan zuten egin, baina aurten bai, pirata txirrindulariek hiria zeharkatu dute. Antiguako Txantxarreka gaztetxetik abiatu dira, baina aurretik pirata batzuek umorezko ikuskizun txiki bat eskaini dute, eta Zestoako gaztetxeari elkartasuna erakusteko ere aprobetxatu dute.
Jai giroan, Antiguako tunelerantz joan dira jarraian, ondoren Kontxa eta Erdialdea zeharkatu eta kaira iristeko. Bertan, Jaraneroak kofradiako kideak Mojito Festa ospatzen ari ziren, eta hainbat txirrindularik indarrak hartu dituzte mojitoak dastatzen. Kaitik Groserantz joan dira, han beste geldialdi bat egin eta Basque Culinary Centerrek Manteo inguruan egin nahi duen eraikin berriaren aurkako jarduera bat egin dute. Intxaurrondora igo dira ondoren, Letaman gaztetxean brillet partida batekin Bizi-Festa bukatzeko.