Esku pilota txapelketaren finalak jokatu dira arratsaldean
Gaur arratsaldean (hilak 17) jokatu dira Aste Nagusiko XXVIII. Esku Pilota Txapelketaren finalak, Trinitate plazan. Hiru kategoria aritu dira nor baino nor gehiago, hirurak bikoteka: emakumezko haurrak, 22 urtez azpiko gizonak eta eliteko gizonak. Jaialdia 16:00etan hasi da, eta denborak aurrera egin ahala jendea gerturatzen joan da.
Lehen finala hemezortzi tantora izan da, Sorondo-Rey eta Landa-Alberro bikoteek hartu dute parte. Sorondo-Rey gorriz aritu dira, eta Landa-Alberro urdinez. Hasieran gorriak hasi dira nagusitzen, baina norgehiagoka aurrera joan den heinean urdinek neurketari buelta ematea lortu dute. Hala, 11-8 ere izan dira aurretik, baina gorriak jarraian egin dituzte azken hamar tantoak, eta eurek lortu dute txapela azkenean: 18-11.
Bigarren eta hirugarren partidak 22ra izan dira. 22 urtez azpikoetan, Aranbarri-Sorondo bikotea aritu da gorriz, eta Peruren-Garcia urdinez. Aurreko partidan ez bezala, oraingo honetan erraz nagusitu dira gorriak, hasiera-hasieratik hartu baitiete aurrea markagailuan. Azkenerako, 22-9 amaitu da. Orokorrean, ez da partida ona izan, gehienbat hasieran, lau pilotariei oso urduri nabaritzen baitzitzaien, baina partidaren hondarrean tanto politen bat edo beste ikusteko aukera izan dute bertaratutako ikusleek.
Amaitzeko, eliteko partida Oskoz-Aranguren eta Alberdi-Lizeaga bikoteek osatu dute. Lehenak gorriz aritu dira, eta bigarrenak urdinez. Norgehiagoka lehiatua jokatu dute lau pilotariek, eta ikusleen txalo zaparradak ere jaso dituzte tartea. Azkenean, Alberdi-Lizeagarentzat izan da garaipena: 22-16.
Jarraian arratsaldean zehar ateratako argazkien bilduma: