Bertsotan aritu dira Trinitate plazan
Aste Nagusi Piratan bertsolaritzarentzako tokia ere badago, “Kantauriren antzera, bertsozaleak gara” abestu baitzuen Traganarrua kofradiako Olaia Anterok txupinazoan. Hori argi gelditu da ostiral arratsaldean Trinitate plazan, bertso saio ederra egin baitute. Nerea Elustondo, Sebastian Lizaso eta Jon Maia aritu dira bertsotan, eta June Iartza eta Asier Gurrea izan dira gai jartzaileak.
Xibaro kofradiak antolatuta, euskal presoen etxeratzearen aldeko bertso saioa izan da. Presoen eskubideen aldeko aldarrikapena bereziki presente egongo da egunotan Aste Nagusi Piratan, arratsaldeko bertso saioaz gain, kartelada antolatu baitute Xibaro kofradiakoek iluntzerako, eta ohiko balsa dantzatuko dute ondoren. Horrez gain, Xibaroen bazkaria egingo dute larunbatean, eta Sare Herritarrak manifestazioa egingo du 12:30ean (manifestazio hori ez da Aste Nagusi Pirataren parte).
Jarraian, bertso saioko hainbat argazki, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindakoak: