Eraso mota oro salatu dute Piratek

Donostiako Piratek Salaketa Eguna egin dute gaur, hilak 19, Aste Nagusian zehar izandako sexu eraso, LGBTIQ+fobiko eta arrazistak salatzeko. Elkarretaratzea 19:00etarako zegoen deituta, eta ordu horretarako jende andana elkartu da Flamenka gunean.
Manifestazioari ekin aurretik komunikatua irakurri dute mugimenduko hiru kidek, eta astean zehar jasandako hainbat egoera salatu dituzte: “Gaur arte, hiru kaleratze egin behar izan ditugu gure guneetatik erasotzaileak kanporatzeko”. Era berean, hiriko beste guneetan ere erasoak izan direla gaineratu dute: “Bereziki ukitu gaitu larunbat gauean hiru lagunek bizitako eraso transfoboak; beldurra, amorrua eta ingurukoen indiferentzia bereziki mingarriak izan zirelako”. Bihar 19:00tan Donostiako Asanblada Transbollomarikak Bulebarrean mobilizazioa antolatu duela gogoratu dute.
Gainera, “oso mutil gazteen” eta polizien partetik puntu morean feminismoarekiko eta euren lanarekiko jasan behar izan dituzten gutxiespen mezuak salatu dituzte. “Horrelakoak entzun eta kudeatzeaz nekatuta eta nazkatuta gaude, utz gaitzazue bakean, eta hartu zuen jarreren kargu”, esan dute.
Bestalde, pozik agertu dira aurten Bulebarreko gunea 21 orduz irekita egotea lortu dutelako, “udaletik jarritako bitartekoak nahikoak ez” direla gogoratu duten arren. Bulebarreko puntuan lanean egon diren Emagineko kideentzat esker oneko hitzak izan dituzte: “Besarkada bana eta eskerrak, […] dena errazagoa egin duzue”.
Jarraian mobilizazioak iraun bitartean ateratako argazki sorta:




























