Pirotecnia Valencianak irabazi du su artifizialen lehiaketa
Pirotecnia Valenciana (Herrialde Katalanak) etxeak irabazi du 58. Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa. Gaur goizean (hilak 19) jaso ditu piroteknia enpresak garaile izateagatik dagozkion Urrezko Maskorra eta 7.000 euroak. Ostegunean ikusi ahal izan ziren Pirotecnia Valencianak eskainitako su artifizialak.
Epaimahaikideek erabaki “zaila eta liskartsua” izan dela aitortu dute, lehiaketan parte hartu duten guztiek “oso maila altua” izan baitute. “Ziur aski, azken urteetako lehiaketarik onenetakoa izan da”, nabarmendu dute. Zilarrezko Maskorra Herbeheretako Caffero Event Fireworksek lortu du (asteleheneko partaidea), eta Brontzezko Maskorra Italiako Sacarsella Fireworksek (ostiraleko parte hartzailea eta iazko garailea). Maskorraz gain, bigarren sarituak 5.250 euro jaso ditu, eta hirugarrenak 3.500 euro.
Bestalde, Gazte Epaimahairen Saria Caffero Event Fireworksek irabazi du, hau da, Zilarrezko Maskorra irabazi duen enpresa berak.