Irrikitaldiarekin itxi dute Aste Nagusi Pirata
Orain bai, bukatu da 2023ko Aste Nagusi Pirata, ohiko legez, Irrikitaldi arrakastatsuarekin. Aste Nagusia berez bart bukatu bazen ere, Donostiako Piratek egun bat gehiagoz luzatzen dute jaia, antzerki dibertigarri baten bidez urteko errepasoa egin eta Parte Zaharra jai giroan murgiltzeko.
Jende andana bildu da 17:00ak aldera Bulebarreko kioskoaren inguruan, eta han agertu dira Irrikitaldia protagonizatu duten pertsonaiak: Eneko Goia alkatea, toreatzailea eta bere zezena, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain ohia, Odon Elorza alkate ohia, Marisol Garmendia Donostiako PSE-EEko burua, guardia zibil bat eta leku guztietan dagoen karabela portugesa. Alkate agurgarriak hartu du hitza aurrenik, Goia Saria banatzeko, eta Elorzak jaso du aurten; hauteskundeetan itzuli izan balitz akaso Elorza Saria banatuko zuten aurten?
Kiosko inguruan ikuskizunaz gozatzen ere askotariko pertsonaiak ikusi ahal izan dira: aristokratak, belle époque-ko donostiar eleganteak, Illunben egunotan zezenketak ikusten aritu den jendea, Alderdi Ederreko karruseleko pertsonaiak, Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituaren Bribon itsasontzia, zirku bateko pertsonaiak, poliziaren bat edo beste… jende zintzoa, alegia. Eta, noski, ez dira faltatu Toros sí, política no eta Toros sí, piratas no oihu ohikoak, besteak beste. Denak Goia, Munilla eta konpainiaren atzetik paseillo tradizionalean joan dira Santa Maria elizaraino.
Han egin dute ikuskizunaren bigarren zatia, eta alkateak ez ezik, Munillak ere hartu du hitza, eta haserre agertu da Piraten jai gunean entzundako abestiekin zein Piraten libertinajearekin: Qué está pasando?! oihukatu du behin eta berriro. Zezena eta toreatzailea ere hara eta hona ibili dira elizako atarian, baina zezenak ez du sufritu, lasai. Eta karabela astunak ere bere momentua izan du, noski.
Ondoren, alkatearen hitzetan “hiriko proiektu guztiak finantzatzeko”, Donostiako hainbat leku enblematikori izenak aldatu dizkiete; Garmendia gizajoak proposamenak bota ditu etengabe, baina Goiak eta Elorzak ez diote kasu handirik egin. Azkenean, Urgull mendiari Heineken garagardoaren izena jarri diote, Haizearen Orraziari Moyua Amenabar eta Kontxari Iberdrola. Horrela erraz finantzatuko dituzte makro proiektu donostiarrak.
Urteko errepasoa eginda, txarangaren erritmoan Parte Zaharretik desfilean joan dira denak, jai giroan, Aste Nagusi Pirata ondo bukatzeko. Gainera, Plaza Berrian Donostia Arraun Lagunaki harrera egiteko aprobetxatu zuten Piratek, liga irabazi berri dutelako; aurreskua dantzatu zieten, eta arraunlariak jai giroan murgildu ziren. Hurrengo urtean gehiago!
Jarraian, antzerki osoaren bideoa eta Joseba Parron San Sebastian argazkilariak Irrikitaldian egindako argazkien bilduma: