«Jai biribilak» izan direla nabarmendu du Goiak

Eneko Goia alkateak bukatu berri den Aste Nagusiaren balorazioa egin du igande goizean, eta nabarmendu du 1,2 milioi pertsona inguruk gozatu dutela “Aste Nagusian antolatutako 300 ekitaldiez baino gehiagoz,eta “jai biribilak” izan direla, “umorez eta giro onez beteak”. Era berean, jaietan “normaltasuna, parte hartzea eta giro ona” nagusi izan direla adierazi du, eta nabarmendu du ez dela “gertakari larririk izan”.
Oraindik ez dituzte behin betiko datuak, baina alkateak azaldu duenez, esku artean dituzten datuen arabera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 78 pertsona atxilotu dituzte jaiek iraun duten bitartean, “gehienak lapurretengatik, droga trafikoagatik eta borrokengatik”. Halaber, Goiak nabarmendu du ez dutela sexu-erasoagatik salaketarik erregistratu; horregatik, alkatearen hitzetan, “jai libreak izan dira gizonentzat eta emakumeentzat”. Hala ere, gogoratu behar da Donostiako Piratek atzo azaldu zutela egunotan hiru kaleratze egin behar izan dituztela euren jai guneetatik erasotzaileak kanporatzeko.
Alkateak eskerrak eman dizkie “jaien antolaketan parte hartu duten pertsona guztiei, Udaltzaingoari, Ertzaintzari, garbiketa eta mantentze lanetako langileei, mugikortasuneko agenteei eta Dbuseko langileei”. Azaldu duenez, “1.300 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte jai jardueren antolaketan, baina zerbitzu desberdinetako langileei gehituta, jai dinamikari lotutako 3.000 pertsonatik gora egon dira”.
Suak, jarduera arrakastatsuena
Goiak azaldu du ohiko legez su artifizialak izan direla jende gehien erakarri dutenak: “Guztira, 650.000 pertsona baino gehiago izan dira. Jende gehien bildu zuen gaua atzokoa izan zen, 110.000 pertsona inguru Vulcano etxea protagonista duen ikuskizun piromusikalaz gozatzen”.
Bestalde, Sagueseko kontzertuei dagokienez, Danny Oceanenak izan zuen ikusle gehien: 66.000 lagun inguru. En Tol Sarmiento arabarrak izan dira jende gehien erakarri duten bigarrenak.
Gainerako jarduerek ere arrakasta izan dutela azaldu du Goiak, eta nabarmendu du “eskaintza askotarikoa” duela Donostiako Aste Nagusiak, “publiko guztietara iristen dena eta arrakasta eredu bat dena”.