Liga irabazi du Donostia Arraun Lagunakek
Donostia Arraun Lagunakek irabazi du Euskotren liga, Zarauzko Ikurrina ere irabazita. Lugañeneko traineruak liga irabazteko nahikoa zuen estropada bukatzearekin, baina ez da horrekin konformatu, eta bigarren helmugaratu badira ere, larunbateko errentari eustea lortu dute, estropada irabazteko. Zazpi segundoko errenta lortu zuten larunbatean, eta gaurkoan Donostiarraren atzetik helmugaratu dira, baina lau segundora; azken olatuak erabakigarriak izan dira.
Zarauzko estropada bezain lehiatua izan da denboraldia: Donostia Arraun Lagunakek bost bandera eskuratu ditu, Oriok lau eta Donostiarrak hiru, eta Tolosaldea hainbatetan garaipenetik gertu egon da. Horrela, sailkapen orokorra horrela gelditu da: Donostia Arraun Lagunakek 95 punturekin irabazi du liga, Orio bigarren izan da 86rekin, Donostiarra hirugarren 79rekin, Tolosaldea laugarren 71rekin, Hondarribia bosgarren 54reki, Hibaika seigarren 39rekin, Cabo zazpigarren 27rekin eta Tiran azkena izan da 16rekin.
Orain, Kontxako Banderarekin denboraldia borobiltzeko aukera du Donostia Arraun Lagunakek, eta han ere lehia bizia izatea espero da. Duela bi denboraldi, Lugañenea baserriko traineruak irabazi zuen liga eta Kontxako Bandera ere eskuratu zuen; errepikatuko al dute balentria?