765.817 bidaia erregistratu ditu Dbusek Aste Nagusian
Aste Nagusian Dbuseko autobusen erabilera “masiboa” izan dela azaldu du enpresak, izan ere, abuztuaren 12tik 19ra 765.817 bidaia egin dira. 2022an erregistratutako 615.279 bidaiak baino %25 gehiago izan dira, eta 2019an, pandemiaren aurretik erregistratutako 762.939 bidaiak baino %0,4 gehiago ere bai.
Zifra horiek ikusita, datuak oraindik behin-behinekoak diren arren, Dbuseko autobusak “Donostiako jaietan gehien erabili den garraiobide publikoa” direla adierazi dute.
Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 14an, astelehena, abuztuaren 17an, osteguna, eta abuztuaren 18an, ostirala, erabili da gehien autobusa; izan ere, 109.356 bidaia, 105.781 bidaia eta 105.645 bidaia erregistratu dira egun horietan, hurrenez hurren. Horrez gain, gehien erabili diren lineak Amarakoak izan dira (17, 21, 26 eta 28 lineak), 204.125 bidaiarekin, eta, ondoren, Antiguakoak (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak), 156.260 bidaiarekin; Altza-Bidebietakoak (13-14 lineak), 126.653 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondokoak (8, 9, 29 eta 42 lineak), 79.653 bidaiarekin; eta Aietekoak (18, 19, 23, 31, 32 eta 46 lineak), 74.007 bidaiarekin.
Gainera, mikrobus lineetan 24.443 bidaia erregistratu dira. Era berean, Gautxori lineetan erregistratutako 35.573 bidaiak azpimarratu behar dira, 2022arekin alderatuta %18 gehiago erabili dira-eta.