Harrera egin diote udaletxean Donostia Arraun Lagunaki
Donostiako Udalak harrera egin zien atzo Donostia Arraun Lagunak taldeko arraunlariei, Euskotren liga irabazi ostean. Zarauzko estropada jokatu zuten asteburuan, eta igandean bigarren helmugaratu baziren ere, larunbateko errentari eutsi eta estropada irabaztea lortu zuten.
Denboraldiaren amaieran, horrela geratu da sailkapena: Donostia Arraun Lagunakek 95 punturekin irabazi du liga, Orio bigarren izan da 86rekin, Donostiarra hirugarren 79rekin, Tolosaldea laugarren 71rekin, Hondarribia bosgarren 54rekin, Hibaika seigarren 39rekin, Cabo zazpigarren 27rekin eta Tiran azkena izan da 16rekin.
Eneko Goia alkateak adierazi zuen “ohorea” zela Donostia Arraun Lagunaki udaletxean “merezitako harrera” egitea, eta taldea zoriondu zuen garaipenarengatik. Donostiako Udalak ez ezik, Donostiako Piratek ere harrera egin zieten atzo Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariei, Irrikitaldian. Plaza Berrian aurreskua dantzatu zieten, eta arraunlariak jai giroan murgildu ziren.