Askatasunari kantatuko diote, Gamazada herri altxamenduko biktimen omenez
Donostiako gertakarietan Guardia Zibilak hiru lagun hil zituela kontatu izan da orain arte, baina Gamazada Herri Ekimeneko kideek azaldu dute sei izan zirela gutxienez.
Igandean, hilaren 27an, 130 urte beteko dira Donostian Praxedes Mateo Sagasta orduko Espainiko gobernuburuaren aurkako mutina egin zenetik, Euskal Herrian foruen defentsan sortutako Gamazada mugimenduaren testuinguruan. Donostian, istilu larriak gertatu ziren eta hildakoak egon ziren; gutxienez, sei hildako egon ziren. “Urteurrenaren aitzakian, gertaera haiek gogoratzeko eta ezagutarazteko”, Kantu Bat Askatasunari ekitaldia antolatu du Gamazada Herri Ekimenak iganderako. Bulebarreko kioskoan izango da, 12:00etan, han hasi eta bukatu zelako mutina; herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Ekitaldiaren izenaren zergatia azaldu du herri ekimeneko kide Nora Garziak: “Zergatik Kantu Bat Askatasunari? Ekitaldiaren osagai nagusietako bat Gernikako Arbola izango delako. Izan ere, mutina kanta horren debekuarekin hasi eta kanta hori kantatuz bukatu zen”. Gainera, Iparragirreren abesti ezagun hori Gamazadaren “soinu banda moduko bat” izan zela nabarmendu du Garziak, baita “nazioarteko prentsan euskal ereserki nazionaltzat” jotzen zutela ere.
Gamazada Herri Ekimeneko kide Martin Ansok Donostiako gertakariak gogoratzearen garrantzia nabarmendu du: “Donostiako historia sarri, sarriegi, oso modu edulkoratuan –eta interesatuan– kontatu izan da, eta ez da zaila historia edulkoratu horren zantzuak gaur egungo diskurtso askotan antzemate. Bada, Donostia hainbat interesen jokaleku izan da eta da, eta horrek, nahitaez, gatazka sozial eta politikoak sortu eta sortzen ditu”. Gaineratu duenez, “horren lekuko da Sagastaren aurkako mutina, eta horregatik besterik ez bada ere, gertaera haiek eta hil zituzten lagun haien izenak gogoratzea eta ezagutaraztea merezi du”.
Gernikako Arbola-ren garrantziaz ere aritu da Anso: “Gaur egun, ez dugu Gernikako Arbola adoratzen, baina Gernikako Arbola oraindik bada geure buruaren jabe izateko borondatearen sinboloetako bat, euskaldunok historian geure buruaren jabe izateko erakutsi dugun borondatearen jarraitutasunaren froga. Atzo bezala, gaur; gaur bezala, atzo”.
Sei hildako
1893an, krisi ekonomiko handia bizi zen Espainiako Estatuan, eta, horren harira, protesta ugari izan ziren urte horretan estatuko hainbat lekutan. Ordea, Hego Euskal Herrian handiagoak ziren protestak, Sagastaren gobernuko German Gamazo Ogasun ministroak foruen azken arrastoa, kontzertu ekonomikoa, murriztu egin baitzuen dekretu baten bidez. Horrela, foruen aldeko aldarrikapen bihurtu ziren Hego Euskal Herriko protestak. Testuinguru horretan iritsi zen urte hartako abuztuaren 27a. Txofreko zezenketak bukatuta, Donostiako Udaleko Musika Banda Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen, eta herritar talde batek bandaren zuzendariari eskatu zion Gernikako Arbola jotzeko, baina zuzendariak ezetz esan zuen, errepertoriotik kanpo ezer ez jotzeko agindua zuela argudiatuta.
Herritar horiek Gernikako Arbola abesten hasi ziren, eta Sagasta Donostiako Londres hotelean zegoenez uda pasatzen, hara joatea erabaki zuten; hotela ez zegoen gaur egungo tokian, Askatasunaren hiribideko Gipuzkoako bankuaren eraikinaren tokian baizik. Iñaki Egaña historialariak azaldu duenez, besteak beste, Manuel Pavia jeneralarekin zegoen han Sagastarekin, eta baliteke Paviak eman izana herritarren aurka tiro egiteko agindua. Hain zuzen ere, herritarrek harriak bota zituzten hotelera eta zenbait leiho hautsi zituzten, baina Guardia Zibila iritsi zenean hasi zen tiroketa.
Egañak kontatu du garai hartan bertsio ofizialak esan zuela hildako bakarra zegoela, baina orain arte jakina zen hiru izan zirela hildakoak. Ordea, historialariak nabarmendu du gertakariak izan eta hiru egunera zentsura handi bat egon zela, eta zegoela argi zer gertatu zen. Horregatik, gaia ikertzen aritu dira hilabeteotan, Polloe hilerriko artxiboa, elizbarrutiko artxiboa, artxibo zibila eta Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat egunkaritara joz, eta ziurtasunez ondorioztatu dute gutxienez sei izan zirela hildakoak. Hala ere, nabarmendu du ikerketa oraindik ez dutela bukatutzat eman, eta uste dutela hildako gehiago egon daitezkeela.
Honakoak izan ziren hildakoak: Rufino Azpiazu Etxeberria 30 urteko donostiarra, abuztuaren 27tik 28rako gauean hildakoa; Bixente Urzelai Fernandez Parte Zaharrean bizi zen 18 urteko beasaindarra, 27an bertan hildakoa; Bernardina Garcia Blanco 45 urteko donostiarra (Madrilen jaio zen, baina Donostian jaso zuen bataioa), 28an zaurien ondorioz hildakoa; Justo Perez Villagarai 29 urteko madrildarra (Beasainen bizi zen), 31n zaurien ondorioz hildakoa; Juan Jose Arza Marchuena 63 urteko altzatarra eta Martin Oses Etxeberria 38 urteko nafarra. Jakinak ziren Azpiazuren, Urzelairen eta Perezen kasuak, baina besteak ez. Denak, beste zauritu larri askorekin batera, Manteoko ospitalera eraman zituzten, eta sei horiek Polloen lurperatu zituzten.
Udalaren aitortza eskatu dute
Egañak beharrezkotzat jo du Donostiako Udalak gertatutakoa gogoratzeko eta ezagutarazteko neurriak hartzea, baita biktimak omentzeko ere. Hain zuzen ere, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak azaldu du iazko abendu aldean horren inguruko iradokizuna aurkeztu zutela udalean, baina oraindik ezin izan dela ezer egin: “Bi hauteskunde izan ditugu tartean, eta normala den moduan, horrek udalaren ohiko jarduna aldatu du. Uztailean, udal gobernutik esan ziguten aurten dagoeneko ez zuela denborarik emango ezer egiteko, baina datorren urtera begira proposamena aztertuko zutela”.