Elamako meatze gunea eta burdinola ezagutzeko aukera izango da abuztuaren 27an
Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programaren barruan, Elamako meatze gunea eta burdinola ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute abuztuaren 27an. Sei kilometroko luzera eta 188 metroko desnibela duen ibilbidea da, eta Artikutzaren historiako industria aldi garrantzitsuenaren eta ingurunean izan duen eraginaren xehetasunak ezagutu ahal izango dira.
Bertaratzen direnek Elamako burdinolaren hondakinak bisitatuko dituzte, eta haren funtzionamendurako beharrezkoak ziren jarduerak ezagutuko dituzte: meatzaritza eta ikazkintza, besteak beste.
Irteera Arriurdinetako harrobian hasten da, Artikutzako hegoaldeko sarreran. Elamako burdinola eta baserriraino jaitsiko dira eta burdina ateratzeko erabiltzen ziren meatze zuloak ikusiko dituzte. Ondoren, pistatik abiapuntura itzuliko dira.
Irteera 09:00etan hasiko da, eta izen emateak artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679-61 30 16 zenbakira deituta egin daitezke.