Itzurun konpartsaren erraldoiak San Telmo museoan ikus daitezke egunotan
Aste Nagusian kaleak girotzen aritu ostean, Donostiako Itzurun konpartsaren zortzi erraldoiak San Telmo museoan daude ikusgai abuztuaren 30era arte. Museoak azaldu duenez, Altzoko Handiaren bizileku den museoan denak elkartu dituzte “ibilbide erraldoi” baten bitartez. Hala, Erromualdo, Estitxu, Eneko, Blanca, Manrique, Karmeli, Mattin eta Maritxu Joakin Elizegi Altzoko Handiarekin elkartu dira.
Erraldoiak dauden klaustrotik hasita Altzoko Handia bizi den lehen solairurainoko bidea egitea da San Telmo museoaren proposamena, abuztuaren 30era arte, 10:00etatik 18:30etara (astelehenetan izan ezik).
Ibilbidea egiten dutenek, gainera, erraldoi txiki bikote baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Informazio gehiago museoaren sarreran eskuratu daiteke.