Victor Erize zinemagileak Donostia sari bat jasoko du
Aurtengo edizioan iragarritako bigarren Donostia saria da. 'El espiritu de la colmena' bere bakarkako lehen film luzeak Urrezko Maskorra eskuratu eta 50 urtera jasoko du saria.
Victor Erizek (Karrantza, Bizkaia) Donostia saria jasoko du 71. Zinemaldian. Hala, aurtengo edizioko bigarren Donostia saria jasoko du zinemagileak —maiatzean iragarri zuen Zinemaldiak Javier Bardem aktoreari ere saria emango ziola—. Beraz, zuzendariaren bakarkako lehen film luzeari (El espíritu de la colmena) Urrezko Maskorra eman eta 50 urtera jasoko du saria Erizek.
Sari emate ekitaldia irailaren 29an izango da, Victoria Eugenia Antzokian, eta ondoren karrantzarraren azken lana ikusi ahal izango da: Cerrar los ojos. Saria Ana Torrent aktorearen eskutik jasoko du Erizek. Hain zuzen, Torrent da El espíritu de la colmena filmaren protagonista —orduan 6 urte zituen—, eta Cerrar los ojos pelikulan ere parte hartu du.
Victor Erize Karrantzan jaio zen, baina haurtzaroa eta gaztaroko lehen urteak Donostian eman zituen. Bere ibilbide profesionalak lotura handia izan du Zinemaldiarekin. Aipaturiko filmez gain, Los desafíos, El sol del membrillo eta Ten minutes older: the trumpet pelikulak ere Zinemaldian ikusi ahal izan ziren.