Zabalik dago 'Oroimenaren bidea' bisitaldi antzeztuetan izena emateko epea
Oroimenaren bidea izeneko bisitaldi antzeztuak egingo dituzte aurten ere, 1936ko gerrak Donostian izan zuen eragina azaltzeko. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak antolatu du egitasmoa, eta iraileko larunbatetan eta urriko lehen igandean izango dira. Izena aldez aurretik eman beharko da, doan.
Cristina Lage, Aniztasun, Inklusio eta Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “1936ko gerraren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat dira bisitak, eta gure historiaren kapitulu triste baten protagonista izan ziren lekuak eta pertsonaiak gogoan izaten lagunduko digu”.
Bi antzezlek garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dituzte; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte.
Ibilbide dramatizatua
Ibilbidea Easo plazako kioskoan hasiko da, eta, ondoren, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea eta Maria Kristina hotelaren inguruak bisitatu ostean, Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da.
Bisitak irailaren 2an, 9an eta 16an eta urriaren 1ean egingo dira. Egunean bi saio izango dira, 12:00etan eta 18:00etan.
Irteerek ordu eta erdi iraungo dute, eta emanaldiko hogei pertsonako taldea osatuko da, gehienez. Izena web orri honetan eman behar da: www.komazk.com/erreserbak