Aki Kaurismäkiren 'Fallen Leaves' filmak jasoko du urteko film onenaren Fipresci saria
Aki Kaurismäkik zuzendutako Kuollet lehdet/Fallen Leaves pelikulak lortu du Fipresci saria Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2023ko film onena izendatu ostean. Mundu osoko 669 kritikarik parte hartu dute bozketan, eta 2022ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik hautatu dute Finlandiaren eta Alemaniaren ekoizpen hori.
Beste bi finalistak hauek izan dira: Martin McDonaghen The Banshees of Inisherin eta Todd Fielden Tár. Biak Veneziako zinema jaialdiaren iazko edizioan estreinatu ziren eta gizonezko aktore onenaren Volpi Kopa (Colin Farrell) eta emakumezko aktore onenaren Volpi Kopa (Cate Blanchett) lortu zituzten bertan, hurrenez hurren.
Kuolleet lehdet / Fallen Leaves Cannesko zinema jaialdiaren aurreko edizioan estreinatu eta Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen. Nazioarteko kritikak Kaurismäkiri aintzatespen hori eman dion bigarren aldia da, 2017an Toivo tuolla puolen / The Other Side of Hope bere filmari eman baitzioten.
Fipresci saria irailaren 22an entregatuko da, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazio galan. Halaber, Kuolleet lehdet / Fallen Leaves Perlak sailaren parte ere izango da. Filma abenduaren 29an estreinatuko da estatuan Avalonen eskutik.