'Negu Hurbilak' Seminci jaialdirako aukeratu dute
Negu Hurbilak filma Seminci Valladolideko Zinema Jaialdirako aukeratu dute. Jaialdia urriaren 21etik 28ra izango da; zehazki, jaialdiaren Punto de Encuentro sailean ikusi ahal izango da Negu kolektiboaren lehen lana. Locarnon (Suitza) estreinatu zuten filma abuztuaren 9an, eta pelikulak epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu zuen.
Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktore donostiarra da filmeko protagonista, eta Xalba Ramirez hedabide honetako kazetariak gidoiaren idazketan parte hartu du, baita soinu banda konposatu ere. Maluta* Filmsek eta Cornelius Filmsek ekoiztu dute lana, eta IRUTXULOKO HITZA filmaren babesleen artean dago.
Emakume gazte baten ihesaldia kontatzen du filmak, euskal gatazkaren testuinguruan. Ihes egiteko bidean, Zubietan (Nafarroa) geratzen da, ez aurrera eta ez atzera, denborak eta behe lainoak harrapatuta. Mugako herri horretan, “antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute”, eta denbora igaro ahala, “egunak gau eta gauak egun” bihurtuko dira, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuz. 16 milimetrotan grabatutako lana da.