San Agustin eguna ospatuko dute astelehenean Artikutzan
Artikutzan San Agustin zaindariaren eguna ospatuko dute astelehenean, abuztuaren 28an. Ate irekien eguna izango da, eta jai egun horretarako programa bat prestatu dute. Izan ere, Artikutzako finkak ateak modu librean irekitzen dituen urteko egun bakarra da, urteko gainerako egunetan baimena eskatu behar baita sartzeko. Egun osoan zehar, artisautza erakusketa eta salmenta postuak, elikadura produktuak eta janaria eta edaria saltzeko bi txosna egongo dira.
Jaiari hasiera emateko, Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek bi pilota partida antolatu dituzte. Emakumezkoetan, Aldai eta Zabaleta bikoteak Galeano eta Arrillagaren aurka jokatuko dute. Gizonezkoetan, berriz, Etxeberria eta Olaitz Leonet eta Apezetxearen aurka arituko dira.
17:00etan herri kirolen erakustaldia egingo da frontoian, honako aizkolariekin: Mikel Larrañaga eta Alberdi Txikia Iker Vicente eta Ugaitz Mugerzaren aurka. Harri jasotzaileen erakusketa ere izango da, Lierni Osaren, Maddi Gesalagaren eta Amalur Arbelaitzen eskutik.
Jardunaldia 19:30etan hasiko den Iratzar taldearen berbenarekin amaituko da.