Aquariumen indarberritu duten Bermiu dortoka itsasoratu dute Donostian
Azken hiru hilabeteotan Aquariumen indarberritzen aritu ostean, gaur itsasoratu dute Caretta caretta espezieko Bermiu dortoka, Donostiatik itsas milia batera. Aquariumek 2000. urtetik artatu duen hogeigarren dortoka da Bermiu. Maiatzaren 27an SOS Deiak-en abisua jaso zuten Sareusko kideek –itsas espezieak kontserbatzen laguntzeko proiektua–, Bermeoko portutik bost itsas miliatara geldirik flotatzen zegoen itsas dortoka bat jaso zuelako kirol arrantzako ontzi batek. Sareusek, Gorlizko fauna basatia errekuperatzeko zentroarekin eta SOS Deiak-ekin lankidetzan, dortoka Bizkaiko Foru Aldundiaren zentroan hartzeko lanak koordinatu zituen. Bertan, albaitariek artatu zuten, Donostiako Aquariumera eraman arte.
Bermiu dortoka ekainaren 7an iritsi zen Aquariumera, hogei zentimetrorekin eta 295 gramoko pisuarekin. Biologiako arduradunek hasieratik baztertu zuten birikan infekziorik zuenik, igeri egoki egiten baitzuen. Barnealdeko berrogeialdietako bat egokitu zen dortoka etengabe behatzeko, eta odol analisi bat eta emaitza positiboko ekografia bat egin ondoren, Aquariumeko langileek Bermiuren elikadura zaindu dute azken hilabeteetan, dortokak pisua eta indarra har zezan.
Esther Irigarai Aquariumeko zuzendariak goizean azaldu duenez, hiru hilabete baino gutxiagoan 700 gramotik gora irabazi ditu, eta bi kilo pisatu ditu. Batez ere, antxoak, sardinak, txipiroiak eta karramarroak jan ditu azken hilabeteotan, eta arrain urdina “primeran” jan du. Menua aberasteko bitaminak eman dizkiote, D bitamina bereziki.
Mexikotik edo Cabo Verdetik iritsi da
Irigaraiek azaldu duenez, ez dakite zehazki espezie hori Mexikoko Golkotik edo Cabo Verdetik iritsi den gure kostaldera, eta “interesgarria” iruditu zaie espeziearen jarraipena egitea. Horregatik, Tragsatec-ekin lankidetzan, transmisore txiki bat jarri diote lehen eta bigarren ezkutuen artean, oskolean. 25 gramo pisatzen ditu transmisoreak eta gailu horri esker dortoka non dagoen jakitea eta bere ohiturak ezagutzea ahalbidetuko da. Guillermo Lopez Tragsateceko langileak azaldu duenez, hainbat hilabetez dortoka lokalizatuta izatea aurreikusten dute, “nahiz eta horretarako faktore asko egon jokoan”. Gaineratu du Bermiuk Atlantikoa gurutzatzea edo Cabo Verdera iristea aurreikusten dutela.
Hurrengo bideoan Bermiuren itsasoratzea nolakoa izan den ikus dezakezue: