Atotxarrekako beste hiru lursail salgai jarri ditu udalak
Donostiako Udalak joan den astean onartu zuen Añorgako Atotxarreka auzuneko beste hiru lursail lehiaketa publiko bidez saltzea. Udalak lursail horietako bakoitzaren jabetzaren %50 dauka, eta jabetzaren beste erdia dutenek udalaren zatia erosteko lehentasuna izango dute.
Udala aspaldi hasi zen Atotxarrekako lursailak saltzen, eta 2019an saldu zuen orain arteko azkena. Udalak hamasei partzela saldu zituen 2019ra arte, eta gama altuko etxebizitzak eraiki zituzten han. Lursailen salmentarengatik, 14,3 milioi euro jaso zituen udalak, eta aurreko urteetan inguru horretan egindako mantentze eta berritze lanen –Atotxarrekako errepideak eraiki zituzten, besteak beste– inbertsioa konpentsatzeko erabili zuten dirua.
Gaur egun, 600 bat pertsona bizi dira zona horretan, eta azkenaldian hainbat eskaera egin dizkiote udalari. Atotxarreka bidean ibilgailuak abiadura handian ibiltzen direla salatu izan dute, eta, horregatik, udalari radar bat jartzeko eskatu diote. Halaber, mikrobus zerbitzu bat jartzeko eskatu zioten udalari, eta Dbusek uztailean jarri zuen martxan zerbitzu hori, Urgulleko mikrobus zerbitzua kentzearekin batera.