«Badaukagu indarra, eta badaukagu Donostia norekin abordatu»
Aste Nagusia bukatuta eta jaietatik pixka bat errekuperatuta, IRUTXULOKO HITZAk Donostiako Piratekin hitz egin du, balorazioa egiteko. Pozik agertu dira Aste Nagusi Pirata honekin: “Eguraldia lagun izan dugu, jende asko etorri da kontzertuak ikustera, giro ona egon da eta, orokorrean, parte hartze handia egon da jaietan. Iazko Aste Nagusia izan zen nolabait pandemiaren osteko proba bat, eta aurten pixka bat gerturatu gara 2019ko eta aurreko Aste Nagusietara; jendeak ondo erantzun du, bai Piraten barruan eta bai kanpoan”.
Hamar eguneko jaiak izan dira Irrikitaldia kontuan hartuta, eta egun bakoitzak “bere xarma” izan duela adierazi badute ere, bi egun nabarmendu dituzte bereziki: abordatzearen eguna (astelehena, 14) eta Pirata Eguna (asteazkena, 16). “Abordatzean iaz baino parte hartzaile gehiago izan ditugu: 1.500 parte hartzaile inguru eta 200 baltsatik gora. Horrez gain, hainbat eragilek hartu zuten parte: SOS Arrazakeriatik, adibidez, 60 lagun etorri ziren parte hartzera. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Eta polita izan zen jendearen jarrera eta egon zen giroa, parte hartzaileak oso prest egon zirelako laguntzeko baltsak jasotzen, eta abar”.
Pirata Egunari dagokionez, 2019an egitekoak ziren estreinakoz, baina eraso matxista asko gertatu zirenez, egun horretako egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten. Ondoren, pandemiaren urteak iritsi ziren, eta iaz eguraldi txarra egin zuen egun horretan, beraz, “zapore gazi-gozoarekin” gelditu ziren: “Gogoa genuen aurtengo Pirata Egunerako, eta oso giro polita izan genuen: eguraldi ona, kantujira goizean, bazkaria denok batera –300 pertsonatik gora elkartu ginen–, elektro txaranga, karaokea… Oso polita izan da, errepikatzeko modukoa. Hurrengo urtera begira ea are jende gehiago animatzen den, polita delako kofradia guztiak batera joatea”.
Ez da eraso matxistarik salatu
Aurreko urteetan ez bezala, aurten ez da eraso matxistarik salatu Donostiako Aste Nagusian, eta horrekin “pozik” agertu dira Piratak, baina ohartarazi dute horrek ez duela esan nahi “erasorik gertatu ez denik”.
“Lortu dugu Flamenkan gune seguru eta erosoa sortzea. Gainera, ez dugu ikusi borroka handirik edo lapurreta kasu nabarmenik. Kaleratze batzuk egin ditugu, baina ez da erasorik salatu, hori da nabarmentzekoa. Lan ona egin du lantalde feministak, bereziki, egindako prebentzioarekin, formakuntzekin eta aurre lanketarekin”, gaineratu dute. Halaber, Flamenka gune hobe bat izateko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute: “Oraindik gauza asko ditugu hobetzeko Flamenka gune seguruagoa izate aldera, baina horretan lanean jarraituko dugu, hurrengo urtean are gune hobea izan dadin”.
Eragileekin elkarlana
Aste Nagusia hasi aurretik, hedabide honek Ines Arrue, Maddi Peña eta Inge Ugarte piratekin hitz egin zuen, eta nabarmendu zuten Donostiako Piratak mugimendu oso zabala dela, eta gero eta zabalagoa izaten jarraitu nahi dutela. Hain justu, Aste Nagusi honetan ildo horretatik egindako lanarekin pozik agertu dira Piratak: “Donostiako Piratak oso lotuta daude kofradiekin, baina ez dugu nahi jendeak ahaztea gu Donostiako eragile bat garela eta aste bat baino gehiagoko jaiak sortzen ditugula. Horretarako, kofradietatik haragoko jendea behar dugu, eta horregatik jartzen dugu beste eragile batzuek txosnan txandak egiteko aukera, adibidez. Aurten, hiri hobe baten alde lan egiten duten eragile ugarik egin dituzte txandak gurekin, eta asko lagundu gaituzte”.
Hain zuzen ere, besteak beste, Harrera Sareak, Bizilagunekin plataformak, Kaleko Afari Solidarioak taldeak, EHZ jaialdiak eta beste hainbat eragilek Aste Nagusi Piratan parte hartu dute, txosnan txandak egiten, eta abar.
“Horrela, jaiak beste balio batzuk izatearen alde lan egiten jarraitzen dugu: pluralak, euskaldunak, eta abar. Gainera, Donostia abordatzeko ahalik eta jende gehien behar dugu, ez soilik gazteak, Donostia abordatzeko modu asko daudelako. Horregatik, aurten ikusi da badaukagula indarra, eta badaukagula Donostia norekin abordatu. Hor ikusi da Donostiako Piratok zer balio ditugun, nolako harreman ona dugun beste eragileekin eta ez garela jaiak antolatzen dituen edozein pertsona, baizik eta hor atzean lan handia dagoela eta zaintzen ditugula gure balioak”, gaineratu dute.
Datorren urtean gehiago
Pandemiaren urte gogorren ostean, datorren urterako “indarberrituta” atera dira Piratak aurten: “Pandemiaren ondoren, kostatu zitzaigun kofradiak berraktibatzea, baina gazte jendea sartzen joan da hainbat kofradiatan, eta ikusten da gogoa eta lanerako indarra dagoela. Horrela jarraitu nahi dugu, Donostiako Piraten indar nagusia kofradietan dagoelako. Kofradia horiek indartzen eta ahalik eta jende gehiago pirata bihurtzen ahalegindu behar gara”.
Ildo horretatik, herritarrak Donostiako Piratetan parte hartzera animatu dituzte: “Jendea animatzen dugu hurrengo Flamenkadetara eta bilera irekietara joatera, lotsarik gabe, Donostiako Piratak ez garelako urrun dagoen zerbait, gertuko jendea gara”.