'Brandeburgoko atea' mugitu izana salatu du Ancorak
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salaketa bat jarri du udalean, euren ustez, atzo egin zen Norteko geltokiko arkupearen lekualdatzeak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia (EHOBPB) urratzen duelako. Elkarteak dioenez, 2021ean “babes bereziki zorrotza” ezarri zitzaion arkupeari: “elementu iraunkor maila eman zitzaion. Hori dela eta, egitura ezin da ez desmuntatu, ez ordeztu, ez eta lekualdatu ere”.
Elkartearen arabera, lekualdaketa gauzatu ahal izateko, aurrez EHOBPBa aldatzeko espedientea tramitatu beharko litzateke, eta espediente horrek Tokiko Monumentu Ondarearen Aholku Batzordearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen aldeko txostenak ere beharko lituzke.
Hortaz, elkartearen ustez honek beste behin lan hauetan “etengabeko inprobisazioa” dagoela erakusten dute, eta maiatzean bidaiarien eraikina ere eraitsi zutela gogoratu du. Ancorak egiten ari diren lanak bertan behera uzteko eta gertutakoa ikertzeko eskatu du.