Dbusek azaldu du beste enpresa bat kontratatu behar izatea kontu «puntuala» izaten dela
Hainbat arrazoirengatik, abuztuaren 19an beste autobus enpresa batek eskaini behar izan zuen Dbusen zerbitzua Donostian. Dbusek berak azaldu duenez, abuztuaren 19an kasuistika berezi desberdinak batu ziren hirian; alde batetik, Aste Nagusiaren azken asteburua, eta bestetik, Realaren partidua Anoetan. “Bi ekitaldi horiek behar zituzten baliabideak ezin ziren bete hirian zerbitzu ona bermatzeko. Hori dela eta, Illunbetik Erdialdera doan doako autobusa eta 47 – Atotxa Erreka linea, beste enpresa bateko autobus batek eman zuen”, adierazi du.
Gaineratu duenez, “kasu hau oso berezia eta ez ohikoa” izan zen eta “oso gutxitan” behar izan da horrelako neurriak hartzea. “Baina noizbait, oso puntualki, zerbitzuaren kalitatea bermatzeko hartu behar izan dira”, azaldu du Dbusek.
Bere aldetik, Dbuseko gidari batek IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, Dbusek (mikro)bus eskasia eduki duenean ere egin izan du hori (38 linea Altza enpresak egin zuen duela urte batzuk adibidez) eta “ulergarria” dela gaineratu du. “Hala ere, Dbusek udan izan dituen datu onen –765.817 bidaia erregistratu ditu Aste Nagusian– aurkezpenean puntu beltz hori ez aipatzea Whatsapp taldeetan urduritasuna erakutsi genuen langileoi lasaitasun keinurik ez eskaintzea da nire ustez”, salatu du.
Dbuseko langileak “kezkatuta” daudela adierazi du gidariak, beraien ustez, batzuetan Dbusek zerbitzua “hiltzen utzi” eta zerbitzu “eskas” horren aurrean beste enpresa batzuk kontratatzen dituelako. “Azken pausua enpresaren pribatizazioa izan liteke”, deitoratu du Dbuseko gidariak.