Eredu fiskal «progresibo» bat proposatu du EH Bilduk Tasen eta Zergen proiektuari egindako zuzenketan
Zerbitzu publikoak eguneratzea eta horien kalitatea sendotzea izan da EH Bilduk 2024rako udal gobernuak proposatu dituen ordenantza fiskalen zuzenketa eta proposamenetan ezarri duen helburuetako bat. EH Bilduk ostegun honetan eskaini duen prentsaurrekoan zehaztu ditu bere proposamenak, Juan Karlos Izagirre bozeramailearen eta Jabi Vitoria zinegotziaren eskutik.
Gaiari heldu baino lehen, Eneko Goiaren gobernuak datorren urteko fiskalitate proposamena noiz aurkeztu izanarekin ez datorrela bat adierazi du Izagirrek. “Aste Nagusiaren atarian, jai eta opor giroan. Hamar egun besterik ez ditugu zuzenketak egiteko eta aurkezteko, eta horrek asko baldintzatu du lan egiteko modua. Eta zerikusi gutxi du adostasuna bilatu nahi duen proposamen batekin”, kritikatu du.
Era berean, azaldu du ez dutela oinarrizko zerbitzuen kalitatean eragin nahi. “Udal gobernuak dioen bezala, 5 milioi euro bildu behar direla ontzat emango bagenu ere, gakoa da nola egiten den hori. Igoerek justifikatuta eta arrazoituta egon behar dute. Argi daukagu ahalegin fiskala herritar guztien artean onartu behar dela, baina progresiboki egin behar da. Bai ala bai. Eta bi baldintza horiek ez dira betetzen udal gobernuak planteatzen duen proposamenean”, ohartarazi du Izagirrek, fiskalitateari heltzeko eztabaida “lasaia eta sakona” izan behar dela iradokiz.
Horrez gain, udal gobernuak progresiboa izateko duen “bokazio falta” kritikatu du, oinarrizko tasetan %5eko igoera orokorra planteatu baitu. “Hala ere, egiten diren salbuespenak ohikoak dira ekonomia sustatzeko aitzakian, eskuineko politiken justifikazio klasikoa”, ondorioztatu du.
EH Bilduk erregistratutako hamasei zuzenketen eta arau proposamenen edukiari dagokionez, Vitoriak azaldu du “zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik” Gipuzkoako uztaileko KPIa (%3koa) erabili dutela eguneratze erreferentzia gisa, “berriena izateaz gain, gure testuingururako egokiena eta gure hiriko errealitatetik gertuen dagoena delako”.
EH Bilduren proposamen nagusiak
– OHZ KPIren arabera eguneratzea: Udal gobernuak kuota %4 igotzea proposatzen du, KPIaren gainetik, baina EH Bilduren proposamena da %3 gainditu gabe eguneratzea, eta falta diren baliabideak lortzea (700.000 euro inguru), etxebizitza hutsei ezarritako errekargua handituz, egungo %100etik %150era pasatuz.
-Ekonomia Jardueren gaineko zerga (EJZ) eguneratzea, KPIaren arabera: Egungo kuotaren KPIaren igoeraren arabera eguneratzea (% 3), presio fiskalaren igoera banatzeko eta oinarrizko zerbitzuen gaineko presio fiskala arintzeko baliabide gehigarriak kentzeko (ura, saneamendua eta zaborrak).
-Gainbalioaren zerga: Izozteko proposamenaren aurrean, eguneratzearen aldeko apustua egiten dute, zerga presioaren igoera banatzeko kargak %5 handituz eta baliabide gehigarriak kenduz aipatutako oinarrizko zerbitzuen gaineko presio fiskala arintzeko.
-Lurzoru publikoa okupatzeagatiko tasa (terrazak): EH Bilduk KPIren (%3) igoeraren arabera eguneratzea proposatzen du, presio fiskalaren igoera banatzeko.
-Uraren tasa: KPI gainditu gabe eguneratzea proposatzen dute.
-Saneamendu tasa: Izoztea eta etxeko tasan igoerarik ez egitea proposatzen dute, eta KPIa (%3) gainditu gabe eguneratzea gainerakoetan.
-Zaborren tasa: Etxeko tasa %3ko igoerarekin eguneratzea proposatzen dute (KPI gainditu gabe); aldiz, industria-jardueretan %7 eta sortzaile handietan %9 igotzea da beraien proposamena.
-TAO: Bineta berezia %2,5eko igoerarekin eguneratzea planteatzen dute (KPIa baino gutxiago), eta inolako igoerarik ez aplikatzea; hau da, izoztea bineta soziala eta egoiliarren bineta.
-Ibilgailuak: Turismoen kasuan, lehen bi tasak izoztea (12 CFraino), eta hurrengo laurak %3 eta %4,8 artean igotzea, 12 CFtik 20 CFra bitarte. Motorren kasuan, lehen bi tasak izoztea (500 CC arte), eta %3 (1000 CC arte) eta %4,8 (1000 CC baino gehiago) igotzea.