Glad Is The Day eta Dantz jaialdiak lekualdatu dituzte, eguraldiarengatik
Euria iragarri dute astebururako, eta, beraz, Donostia Kulturak erabaki du igandean Gladis Enea parkean egitekoak ziren 7. Glad Is The Day jaialdia lekualdatzea. Hain zuzen ere, Egiako Dabadaba eta Le Bukowski aretoetan egingo dituzte aurreikusita zeuden kontzertu gehienak, areto horiek jaialdiaren antolatzaileak baitira, Donostia Kulturarekin batera.
Horrela, Dabadaban 17:00etan hasiko dira kontzertuak, eta talde hauek joko dute: Nakar, Las Ligas Menores, Tito Ramirez, Yxeb 3000 DJ-a, Gazzi DJ-a eta Yugen Kala DJ-a. Le Bukowskin, aldiz, 17:30ean hasiko dira emanaldiak, eta talde hauek joko dute: Euskoprincess, Kievra eta Denso, Mutiko & Tatta (DMT) eta Tao DJ-a. Ordu erdi lehenago irekiko dituzte aretoak, eta sarrera doakoa izango da.
Ordea, “leku eta denbora mugengatik”, programaziotik kanpo geratu dira Sr No, Kulto Kultibo, La Ola Maldita, Suso DJ-a eta Alai DJ-a, Donostia Kulturak azaldu duenez. Horrez gain, jaialdiaren aperitibo gisa Muare taldea eta Ines DJ-a larunbatean ariko dira Tabakaleran, 19:00etan.
Dantz jaialdia Illunben
Eguraldi txarra dela eta, Dantz musika elektronikoaren jaialdiak ostiralerako eta larunbaterako aurreikusita zituen emanaldiak Illunben izango dira. Aire zabalean izan behar ziren hainbat emanaldi, baina eguraldi iragarpena dela eta, lekualdatu egin dituzte.
Cambios! Por meteorología adversa, viernes y sábado únicamente se celebrará en Illumbe.
— dan—tz (@dantzmusik) August 23, 2023
Aldaketak! Ostirala eta larunbata illumben ospatuko da eguraldi txarra dela eta.#DantzFestival #Dantz2023 pic.twitter.com/uYwqg5ABIj