Paul San Martin donostiarrak hiru abesti argitaratu berri ditu Fran Serranorekin
Paul San Martin pianista eta abeslari donostiarrak eta Fran Serrano kontrabaxu jotzaile gasteiztarrak Paul San Martin & Fran Serrano Duo blues proiektua sortu berri dute, eta dagoeneko argitaratu dituzte euren lehenengo hiru abestiak. Bluesaren hiru abesti klasikoren bertsioak dira: Porter Grainger eta Everett Robbinsen Ain’t Nobody’s Business, Doctor Claytonen Cheating and Lying Doctor Clayton eta Mercer Ellingtonen Things Ain’t What They Used To Be.
San Martin pianista ezaguna da estatuko blues panoraman, eta bluesa zein boogie-woogiea maisuki jorratzen ditu. Serrano, aldiz, murgilduago dago jazz munduan. Itziar Yague abeslariarekin jotzen ezagutu zuten elkar, eta proiektu propioa sortzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, hilaren 3an aurkeztu zuten proiektua Gasteizen, eta Donostiako Altxerri aretoan joko dute irailaren 1ean.
Aipatu hiru abestiak Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu zituzten abuztuaren 7an, Julen Urzaizekin. Beñat Fontanedak egin ditu bideogintza lanak, eta Raul Bogadok argazkilaritza arlokoak. Jarraian, hiru abestien bideoak: